Iñaute-Iñaute, zingar arraultze!

Joseba eta Nerea 2009ko irailaren 7a

Ortzegun gizenarekin emanen zaie hasiera aurtengo iñauteei

Ortzegun honetan, otsailak 22, goizeko bedetziak aldera haur andana ibiliko da herrian barna, etxez etxe eskean. Eskolako haurrek baserritar jantziak paratuko dituzte, saskia eskutan, «urtzaingizen, urtzaingizen, zingar arraultze, bat ez bada bertze: biek hobe!» kantatuz ibiltzeko. Eguerdi partean akabila emanen diote eskeari eta arratsaldeko prestatuko dira. Izan ere, arratsaldean, hiruak aldera, plazan bilduko dira denak, bakoitza bere mozorroarekin. Eskolan prestaturiko bertsoak kantatuz emango diote hasiera herriko bueltari. Lehenik eta behin, Jauregieta auzoan haur hezkuntzakoek «Urres­til­lako bortz kantariak» antzestuko dute. Iña­rre­tan Lehen Ziklokoek «Txo­rimaloa» eskainiko dute. Bigarren Ziklo­ko­ek «Diruak sendatuko du» eginen dute An­du­tzetan. Ondotik, denak elkartuko dira «Sutan dator dragoia» kantatzeko, eta azkenik plazan, Hirugarren Ziklokoek «Enperado­rearen jantzi berria» antzestuko dute. Egun berexi honi bukaera emateko berendua eta dantza izanen da herriko trikitilariekin.

Haundien Iñauteak

Astelehenean berriz, herriko gaztiak Haritzpen bilduko dira gosaldu ondotik, trikitilarien laguntzaz baserriz baserri ibiltzeko. Bi taldetan banatuko dira, goiko eta beheko auzoetara joateko. Bazkaltzeko tenorea ailegatzerakoan, An­ttonion bazkalduko dute beheko auzotakoek eta Usazaleen txabolan goiko auzokoek. Ondotik, baserriz baserri segituko dute denek iluntzerarte. Afariak bi taldeak elkartuko ditu Haritzpen. Asteartean, karrozen desfilea izanen da eguerdi aldera, gosariaren ondotik. Herriari buelta eman eta gero, bazkaria izanen da Anttonion eta Herriko Ostatuan eginen den afariarekin emanen zaie bukaera aurtengo iñautiei. Dudarik gabe, data seinalatuak herritar guzientzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun