Nafarroako Gobernua euskararen udal ordenantzak aztertzen ari da, ilbeltzean onartutako Foru Dekretuaren aurka dauden edo ez ikusi eta gero, haien kontra egiteko. Hori izaten ahal da otsailaren 5ean onartutako eremu euskaldunerako Ekintza Planaren ondorio nagusietakoa. Erabaki honen aitzinean jarrera zehazteko hainbat bilera egin dira eta eremu euskalduneko alkate batzuk bilera egin zuten otsailaren 7an Iruñean, erantzun bateratua emateko.
Udal autonomiaren aurkako plana
Nafarroako Gobernuak onartutako plana hagitz larritzat jo da, udal autonomiaren aurka jotzen ahal duelako. Honela, Tomas Azpiroz Leitzako alkatearen ustez, «UEMAn sartuak gaudenez, horren aurka ere egin dezakete. Nolanahi ere, hori udal autonomiaren aurka jotzea litzateke, eta ikusi behar da orain nondik datorren hurrengo erabakia». Leitza da Nafarroan UEMA erakundean sartua dagoen herririk handiena.
Lanpostu deialdiak kaltetuenak
Lanpostuen deialdiak izan daitezke kaltetuenak. Orain, bai Bortzirietako Euskara Mankomunitatean dauden herrietan, bai Leitzaldeko udaletan, baita UEMAn sartuta dauden herrietan ere, ia lanpostu guztietarako jotzen da euskararen ezagutza derrigorrezkotzat. Hori Foru Dekretuaren irizpideen aurka dago, bertan azpimarratzen baita euskara soilik itzultzaile eta irakasle lanpostuetarako eskatuko dela, eta gainontzekotan, merezimendutzat hartzen denean, puntuazio osoaren %5,5a emanen zaiola. Horregatik, Foru Dekretua onartu eta biharamonean, Toki Administrazioko Departamendutik eskatu egin zitzaion Leitzako Udalari igorri zezala 1993an onartutako euskararen ordenantzaren eta erabileraren testua. Orain aztertzen ari omen dira akordio hura. Leitzako alkateak dioenez, «garbi dago euskararen ordenantzen aurka egin dezaketela eta hortik joko ote duten beldurra dago. Egun, lanpostu guzietarako euskara eskatzen dugu eta euskararen erabilerarako bermea dago udalaren barrenean».
«Euskara guztion eskubidea» manifestazioa larunbatean Iruñean
«Euskara guztion eskubidea» lelopean manifestazioa eginen da larunbat honetan, otsailak 24, arratsaldeko 5,30etatik aitzinera Iruñean.
Gobernuaren dekretuaren aitzinean, Nafarroako hainbat udaletako alkateak bildu dira eta dekretu honen aurka agertzeko manifestaziorako deia egin dute, Oinarriak Plataformarekin batera. Ttipi-ttapa banatzen den eremuko alkate guziak horren alde agertu dira. Izan ere, dekretu honek euskaldunon hizkuntz eskubideak zanpatzen dituela ikusten dute eta horrez gain, azkeneko urteotan udaletan eta erakundeetan euskararen alde egin den lana arriskuan dagoela.