Nafarroako Gobernuak azpiegitura lanetarako dirua partitzeko duen legea desastre hutsa iruditzen zait. Beti esaten dutenez, lan asko eskatuz gero gutxi emateko arriskua dago. Udal askotan eskatzeagatik eskatzen dela iruditzen zait, egitan beharrezkoa izan edo ez, ez du inporta. Horregatik, oraingoan Leitzatik egitan premiazkoak ziren lanak sartu ditugu, gehiago esperatu ezin zutenak. Zaborrarekin lotutako obra txiki batzuetaz aparte, industrialdera joateko zubia bakarrik onartu digute. Honela, Patxi Arrazolako saneamendua eta ur-hornidura sareak eta ondoren egiten den zolaberritzea (123 milioi) ezin izanen dugu egin, ezta Sakuluko bidea ere (19 milioi terdi). Gainera, herriok oso autonomia txikia dugu, Iruñetik etortzen diren laguntzen menpe gaude eta ezinezkoa izanen da gure kabuz lan hauek egitea. Mendialdeko herriok diru gutxiago jaso dugu, baina ez dakit horrek zigor politikoa izan dela esan nahi duen edo ez. Kontua da azpiegitura lanak egiteko oso diru gutxi ailegatzen zaiela Herriko Etxeei Nafarroan eta hori aldatu beharko litzateke.