Zona honetara diru gutti xamar ailegatu da. Diru gehiago partitu da eta araberan, honat guttiago ailegatu da. Sistema hau aldatu egin beharko litzateke edo bertze gauzaren bat egin, inguru hau oraingoan kastigatua gelditu baita. Oraingoan ez genuen lan aunitz sartu, baina bakarrik kanposantuaren haunditzea onartu digute. Bertze lanak kostu ttikikoak direnez, ehuneko ehunean gure gain hartuko ditugu. Nafarroako Gobernuak erraten du baremo bat ezarria duela eta gauzak garbiak direla. Baina gero ikusten duzu Nafarroa osoan gehiago banatu arren, inguru honetara guttiago ailegatzen dela eta horrek txokatzen du. Guk ez dugu kejatzeko arrazoirik, azken urteetan diru dexente jaso dugulakoz, baina oraingoan gutti ailegatu da eta jendea kexu egonen da, arrazoiarekin gainera. Bertze banaketa sistema bat aztertu beharko litzateke, hau loteria bezalakoa delakoz. Udaletxe guziak bonboan sartzen ditugu egin beharreko lanak eta gero ateratzen baldin bada ongi, eta bertzenaz hortxe gelditzen da. Aitzinetik jakin beharko genuke zenbat diru daukagun.