Aitzinekoan baino 540 milioi gutiago gure eskualdean

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 7a

Nafarroako Gobernuak jakinarazi berri du 2001-03 Hirurteko Leku Azpiegitura plangintzaren barnean banatuko dituen diruen berri. Eskualdeari dagokionez 1.050.105.000 pezetako inbertsioak onartu dira, 1997-99 aitzineko Planean baino 540 milioi terdi gutiago. Nafarroa osoan berriz, 24.617 milioiko inbertsioa eginen da, azken Planean 15.722 milioikoa bertzerik ez zenean. Beraz, Nafarroa osoan 9.000 milioi gehiago banatu baldin badira ere, inguru honetako udal eta mankomunitateek  %35 gutiago izanen dute azpiegitura lanetan inbertitzeko.

Beti gertatzen den bezala, Nafarroako Gobernuak Hirurteko Azpiegitura Plan­gintzan onartutako lanek era guzietako balorazioak sortu dituzte inguruko udal ordezkarien artean: Badaude arras kontent daudenak, eskatutako lan gehienek Iruñetik laguntza jaso dutelakoz; hain kontent ez daudenak eta baita erabat haserre daudenak ere topatzen ahal dira, eskatutako lanetatik pizar batzuk bakarrik onartu direlakoz edo bakar bat ere ez.
Kontuak kontu datu bat azpimarratzen ahal da. 2001-2003 Planean, 1997-99 Pla­narekin konparatuz, %64 diru gehiago banatu du Nafarroa­ko Gobernuak, baina gure eskualdeari %35 guttiago egokitu zaio. Datu horrek arrenkura sortu du inguru honetako alkate batzuetan, herrietako premiak baino gehiago kriterio politikoak kontuan hartu direla uste dutelakoz. Josu Goia Berako alkatearen ustez, «inguru hau beti zigortzen dute diru banaketan. Berako Uda­letxeko lokalak hirugarren mundukoak dira, itxasurekin, kalefakziorik gabe, komuna bakarrarekin eta ez dugu laguntzarik jaso. Plaza ere hagitz hondatua dago eta auzoetako argiak behar beharrezkoak dira. Horretatik deus ez digute eman. Nafa­rroako Gobernuak badu dirua bide-seinaleak erdara hutsean paratzeko, baina ez guri laguntzeko». Beran bezalaxe, bertze herri gehienetan lan aunitz egiteko dirulaguntzarik gabe gelditu dira.

Diru-banaketa sistema aldatu behar dela uste dute alkate gehienek
Miguel Mari Irigoien, Etxalarko alkatearen ustez, diru-banaketa sistema aldatu beharko litzateke, «herri bakoitzak dituen biztanle kopurua kontuan hartuz».
Iritzi beretsukoa da Josu Goia: «Euro­pan, biztanle bakoitzak zergetan ordaintzen duenaren %14 bueltatzen zaie udaletxeei azpiegitura lanetareko, Eus­kadiko Auto­nomi Elkar­te­an %8 eta Na­farroan %4 bakarrik eta poliki-poliki jausten ari da. Udalok independentzia galtzen ari gara. Sistema aldatzen ez bada miseria gorrian segituko dugu eta lanak laguntzarik gabe egin beharko ditugu, baina Herriko Etxeen posibilidadeak ez dira haundiak».
Donezteben ere laguntzarik gabe ekinen diote Osasun Zentroaren urbanizazio lanari. «Nahitanahiez egin beharreko lana da eta aurrekontu ttikikoa denez, geronek eginen dugu» dio Miguel San Miguel alkateak. Halere, oraingo planean ez zuen proiektu aunitz sartu Udalak, 1993tik honat 505 milioi jaso baititu Azpiegitura planetan. San Miguelen ustez ere sistema aldatu egin beharko litzateke: «Aitzinetik jakin lanak egiteko zenbat diru daukagun eta, horren arabera, urtero-urtero planifikazioa egin. Ber­tze­naz, loteria bezalakoa da hau. Bonboan lanak sartu eta zurea ateratzen bada, ederki!».
Inguru honi dagokion dirutik, erdia baino dexente gehiago Baztanek jaso du, 650 milioi. Biztanle kopuru haundiagoa duen Bortzirietan, aldiz, 94 milioi bertzerik ez dira jaso. Urdazubik bakarrik  jaso duena baino 5 milioi eskas gehiago. Nafarroa osoan eskatutako hiru lanetik bateri bakarrik eman omen zaio laguntza. Bortzirietan, lanen %7,5ak bakar-bakarrik jaso du dirulaguntza.
Lesakak, errate baterako, 759 milioi pezetako inbertsioak eskatu zituen eta ez du pezetarik jasoko. Jose Luis Etxegarai alkateak azalpenak eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari. Aitzineko Pla­nean diru aunitz jaso zuela –eskatutako lan guziak onartu baitziren– eta herria ongi hornitua dagoela izan da Iruñetik jaso den erantzuna. Dena den, Etxegaraien ustez, «sistema ongi erabiliz gero, justuena da: biztanle kopurua baloratzen dute, baita diseminazioa (non bizi den jendea), ondasun ekonomikoa eta aitzineko urteetan herriak izan dituen laguntzak ere. Datu horiek denak ordenagailuan sartu eta emaitza xuxen-xuxen emanen luke, baina ordenagailuan sartzen diren datuak manejatuak izaten ahal dira. Horren beldurra dut».
Diru banaketa sistemaz gain, bertzelako arrenkurarik ere badute gure herrietan. Itu­re­nen, adibidez, eskatutako 214 milioietatik 23 bertzerik ez dituzte eman. Baina, gaine­ra, Ameztiako bidearen molda­keten lehen faserako 16 milioiak 2003. urtean emanen ditu Nafarroako Gobernuak, lan hori premiazkoa zela behin eta berriz adierazi arren. Itu­ren­go Udalak bilera egitea es­ka­tu dio Le­ku Administra­zioko zuzen­da­riari, arazoa moldatzeko.

Ez da aldaketa handirik izanen, baina zerbait bai
Hirurteko Azpiegitura Planaren berri Nafarroako Aldizkari Ofizialean agertu arte ez da behin betirakoz onartuko, baina normalean hagitz aldaketa gutti izaten dira. Dena den, beti bada aukeraren bat. Jose Luis Etxegarai, Lesakako alkateak dioenez, «plan honetan %10 oraindik partitu gabe gelditu da eta ez gara geldirik egonen. Herri batzuk lortutako lanak ez dituzte egiten eta ordezko lanak sartzen dituzte orduan». Beraz, Iruñera begira segitu beharko dute lanek beraien lanei ekiteko.

SARTU EZ DIREN LANAK

ARANO  

Herriko Etxea moldatzea    18.327.000 pta
Kanposantua haunditzea    24.920.000 pta

ARANTZA    

Herriko Etxeko lehen solairua moldatu eta teilatua berritzea    34.977.000 pta(1)
Baserrietako bideak moldatzea    24.720.000 pta
Herriko karriken zolaberritzea    9.911.000 pta
ARESO       

Filipeborda eta Iruñegi arteko pista moldatu    16.000.000 pta
Argiteri publikoa hobetu    2.700.000 pta
Herriko Etxeko leihoak eta leihatilak aldatu    2.300.000 pta
Baserrietan argiak jarri    30.000.000 pta
Labaderoa eta ingurua txukundu    4.800.000 pta

BAZTAN     

Elizondoko Herriko Etxea moldatzea    
Azpilkueta, Almandoz, Ziga, Irurita eta Arraiozko kanposainduak    
Herri guzietan argi batzuk paratzea    
Herrietako bideak moldatzea  

 

BEINTZA-LABAIEN 

Karrikak zolaberritzea    55.435.000 pta
Egoburuko bidea zolaberritzea    32.177.000 pta


BERA 

Herriko Etxearen moldatze lanak    70.000.000 pta
Herriko Etxeko plaza moldatzea    15.000.000 pta
Itzea karrikaren moldatzea    3.000.000 pta
Ugalzubia karrika moldatzea    2.500.000 pta
Legia karrika moldatzea    4.000.000 pta
Zubixabal zubia moldatzea    1.000.000 pta
San Migel zubiko bidea    2.000.000 pta

BERTIZARANA    

Legasan karrika baten urbanizazio lanak    8.503.000 pta
Legasan espaloia egitea    1.233.000 pta
Narbarte eta Legasako saneamendu lanak  

 
DONAMARIA      

Elizako eta Agerreko karrikak zolaberritzea    13.716.000 pta
Gazteluko kanposantuko bidea eta Pagoleko bide gurutzeraino zolaberritu    27.100.000 pta


DONEZTEBE      

Osasun Zentroko urbanizazio lanak    4.000.000 pta
Donamariako errepidearen elektrifikazioa    5.000.000 pta


ELGORRIAGA    

Balnearioko bide bat egitea    50.000.000 pta


ERATSUN  

Herrian zolaberritze lanak eta bi bide ormigoiztatu    16.000.000 pta
Asura baserrira argia eramatea    3.500.000 pta


ETXALAR    

Herriko karrikak zolaberritzeko lanak    20.000.000 pta
Aparkaleku berria zolaberritzeko lanak    4.500.000 pta

GOIZUETA   

Udaletxea moldatzea    38.717.000 pta
Baserrietako bideak moldatzea    22.680.000 pta
Argiteri publikoa    6.649.000 pta
Zolaberritze lanak    10.438.000 pta

IGANTZI    

Herriko Etxe ondoan aparkalekua egitea    6.929.000 pta
Eskolzahar etxean udal bulegoak eta artxiboa egin    28.526.000 pta
Iturri berria hartu eta ur-zikinen sarea berritu    100.663.000 pta
Baserrietako bideak moldatu    47.868.000 pta


ITUREN   

Aurtizko transformazio zentrua lekuz aldatzea    6.380.000 pta
Erreserbako transformadorea erostea    2.146.000 pta
Lasagako argindar sarea konpontzea    1.856.000 pta
Aurtizko ur-garbi eta zikinen sareak    41.064.000 pta
Aurtizko zolaberritze lanak    77.904.000 pta
Kontsejo karrikako ur-garbi eta zikinen sareak    31.260.000 pta
Kontsejo karrikako zolaberritze lanak    22.259.000 pta    
Herriko bi karriketako ur-garbi eta zikinen sareak    4.170.000 pta
Herriko bi karriketako zolaberritze lanak    4.238.000 pta


LEITZA    

Patxi Arrazola kaleko urbanizazioa, ur-garbi eta zikinen sareak    70.000.000 pta
Patxi Arrazola kaleko zolaberritze lanak    53.000.000 pta
Sakulu auzoko bidea moldatzea    19.500.000 pta

LESAKA  

Herrigunean argi berriak paratzea    41.315.000 pta
Herrigunea zolaberritzea    194.351.000 pta
Nabaz auzoko bidearen zati bat moldatzea    18.356.000 pta
Izotzaldea auzoko bideak moldatzea    217.649.000 pta
Otsango auzoko hegoaldeko saneamendua    82.287.000 pta
Ur zikinen sarea hiru lekuetan berritzea    205.665.000 pta


SALDIAS    

Herrian zolaberritze lanak egitea    2.000.000 pta
Saldias eta Labaiengo Urrutina inguruko ur-hornidura sarea    75.000.000 pta


URDAZUBI    

Baserrietako bideak moldatzea    24.747.000 pta
Alkerdi eta Telleria auzoetako saneamendu sarea    53.290.000 pta
Herriko Etxearen teilatua moldatu eta kalefakzioa jartzea
eta lokal bat zerbitzu publikoak eskaintzeko moldatzea    13.420.000 pta
Argiteria moldatu    26.274.000 pta
Iturburutik Maitenearako karrika zolaberritzea    7.253.000 pta


URROTZ    

Herriko ur-garbi eta zikinen sarea berritzea    23.561.000 pta
Herriko zolaberritze lanak    24.978.000 pta


ZUBIETA    

Baserrietako bideak zolaberritzea    35.601.000 pta
Ibarreneko bidea zolaberritzea    3.653.000 pta
Hualdea etxea berritu eta museoa egitea    34.493.000 pta
Errotan aparkalekua egitea    1.725.000 pta


ZUGARRAMURDI    

Bide baten zolaberritzea    12.563.000 pta
Herriguneko argiteria    5.664.000 pta
Saneamendu kolektoreak eta ur-zikinak ateratzeko bonba    38.057.000 pta

(1) Arantzako Herriko Etxearen teilatua berritzea 2000. urteko Planean onartua da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun