Otsailaren 18an hasi zen Arabako Espejo herrian IV. Urrezko Aizkora Gurea Kaiku Sari Nagusia. Iazkoarekin konparatuz, aldaketa nabarmenak izanen ditu aurtengo sariketak. Joan den urtean, hamar aizkolari aritu ziren eta aurten hamalau hasi dira, bigarren mailakoei ere aukera bat eskainiz. Espejon egindako saioan Txapartegi nagusitu zitzaion Azurmendiri eta Arria V.aren kontra lehiatuko da larunbat honetan Okondon (Araba). Irabazleak Arrospideren kontra jokatu beharko du martxoaren 25ean Azpeitian. Irabazleak, apirilaren 15ean Donezteben izanen den lehen faseko finalerako lehen txartela eskuratuko du. Bertze aldetik, otsailaren 24an Barberena eta Antonio Jaunarena zubietarra aritu ziren Lekunberrin. Irabazle suertatu zen Barberenak martxoaren 18an jokatuko du Getxon Felix Etxeberria sunbildarraren kontra. Irabazleak Lopez izanen du arerio apirilaren 1ean Eltziegon (Araba). Saio hau irabazten duenak Senosiainen kontra jokatuko du apirilaren 8an Aramaion eta hortik aterako da Doneztebeko bigarren finalista.
Felix Etxeberria sunbildarra gustora ageri zen, azkenean beretaz oroitu direlako. «Arriarekin izanen dudan apostua dela eta, ongi prestatuta nago eta saiatuko naiz lehen faseko finalera ailegatzen».
Sei aizkolari onenak bi multzoko ligaxkan
Bigarren fasea, hiruna aizkolariko bi multzotan jokatuko da. Lehenbizikoan Nazabal, Larretxea eta Olasagasti lehiatuko dira, guziak guzien kontra. Bertze multzoan, Peñagarikano, Mindegia eta lehen faseko irabazlea ariko dira, hauek ere ligaxkan. Mindegiaren saio bat Donezteben ikusteko aukera izanen da, maiatzaren 27an.
Multzo bakoitzeko onenek jokatuko dute finala Azpeitian ekainaren 10ean.