Txaruta Pilota Elkarteko pilotariek 52 sari eta txapel lortu zituzten gan den urtean Baztan eta Malerrekatik kanpo, Nafarroa eta Euskal Herrian jokatutako txapelketetan. 2000. urteko balantzea, beraz, kasik ezin hobea da Txarutakoentzat. Azpimarratzekoa da taldeak Nafarroako eta Euskal Herriko Herriarteko txapelketak irabazi zituela. Gazte mailan, Toni Uharte eta Josu Baleztenak bikote beldurgarria osatu zuten eta Euskadiko Ligan, Santo Cristo de Otadia txapelketan eta ETB-Diario Vasco txapelketan irabazle suertatu ziren. Bakarka, Iñaki Eskuderok irabazi zuen Baque txapelketa gazte mailan eta kadetetan, Unai Arraztoa azpitxapeldun izan zen Elgetan.
Joan den urtea oparoa izan bazen, aurtengoan ez dira Txarutakoak gaizki hasi. Nafarroako Neguko txapelketatik sei txapel ekarri zituzten. Euskadiko Kluben arteko txapelketan ere ederki ari dira eta kadetetan, finala jokatu zuten joan den ortziralean Iñaki Larralde lesakarrak eta Xabier Elizalde iturendarrak.
Herriarteko txapeldunak ez du ahotsik Nafarroako Federazioan
Duela bortz urte sortu zen Txaruta pilota elkartea, Baztan eta Malerrekako pilotariak bilduz eta gaur egun 240 pilotari ari dira bere izenean. Baina horrenbertze gazte mugiarazten duen elkarte batek ez du ahotsik Nafarroako Pilota Federazioan. Izan ere, berriki egin diren hauteskundeetan, batzarretik kanpo gelditu dira inguru honetako elkarte guziak.