Herriko ihauteriak ederki iragan dira gan den otsailaren 24 eta 25ean. Gaztetxeak indar berezia egina zuen aurten kantuen eta dantzen nahi zuteneri erakusteko eta, ondorioz, gazteek biziki harrera ona izan dute larunbateko etxez etxeko itzulian. Honetaz gain, sekulan ez bezala, ohiko euskal jantziak nagusitu dira aurten.
Ibilbidea bururatu ondoren, plazan bildu dira gazteak (eta ez hain gazteak!), Bidekoa Urruñako taldeak dantzaldia eskaini duelarik.
Igandean aldiz, dantza ikusgarria izan zen goizean eta ondotik Zanpantzarren epaiketa eta erretzea.
Eguerdi aldean, usaiako bazkaria izan da, eta denetan 80 presunek dastatu dute Olhain ikastolak Omordian prestatu apairua, Ezpeletako musikariek giroa alaitzen zutelarik.
Oraino indar batzuk atxikiak zituztenek bestan segitu dute arratsaldean, bereziki Bentetako itzulia eginez, eta bertze batzuk beren mozorroak auzoko herrietara erakustera joan dira.