Martxoaren 29an Gasteizen hasi eta apirilaren 8an Baionan bukatuko da aurtengo Korrika, «Mundu bat euskarara bildu» lelopean. Eskualdetik apirilaren 6ko gauean (Goizueta eta Leitza) eta 8ko goizaldean (Baztan, Bertizana, Malerreka, Bortziriak eta Saraldea) pasatuko da.
Goizuetara apirilaren 6ko gaueko 10ak aldera ailegatuko da Hernani aldetik. Leitzara gauerdi inguruan pasatuko da eta hortik Lekunberri aldera joko du. Apirilaren 7kogauerdia baino lehenxeago sartuko da berriz ere eskualdean Belatetik barna. Elizondon apirilaren 8ko goizeko 1,30ak aldera izanen da, Donezteben 3,30etan, Lesakan 5,45etan eta Beran 6,25etan. Euskararen aldeko gaupasa egiteko aitzaki ederra, beraz.
Baztan, Malerreka eta Bortzirietatik goizean goiz pasatu ondotik, Ibardinetik Baiona aldera segituko du, betiere hamabiak aldera harat ailegatzeko. Hau guzia antolatzeko Korrika batzordeak antolatu dira herriz herri. Bortzirietan, adibidez, Arantza, Etxalar eta Igantzin Euskara batzordeen ardura izanen da hau guztia antolatzea eta Bera eta Lesakako kasuan, batzorde zabalagoak sortu dira.
Baztanen Suinki euskaltegia arduratu da Korrika antolatzeaz. Leitzaldean eta Malerrekan ere batzordeak sortu dira.
Korrika Kulturala herriz herri
Bortzirietan zenbait kultur ekitaldi eginen dira Korrikaren inguruan. Beran, errate baterako, martxoaren 3an bertso trama izan da Kultur Etxean eta apirilaren 7an, hau da, bezperan, Ruper Ordorika eta Pettiren kantaldia izanen da. Lesakan martxoan Hika taldearen antzerkia eta Txan Magoaren emanaldia ikusteko parara izanen da.
Baztanen, ekitaldi nagusia igande honetan, martxoak 11, eginen da. Atsaldeko 6,30etatik aitzinera, «Bar Puerto» kostaldeko bizitzaren testigantza jasotzen duen ikuskizuna eskainiko da Elizondoko eliz-aretoan. Korrika Kulturalerako bereziki prestatutako ikuskizun honetan literatur testuak, zuzeneko musika eta bideoa uztartzen dira. Mikel Urdangarin kantaria, Kirmen Uribe idazlea eta Josu Eizagirre bideogilea aritu dira lan honetan.
Martxoaren 31n bertso-afaria egiteko intentzioa dute Baztanen, baina oraindik ez da lekua eta ordua zehaztu.
Leitzan, martxoaren 20an, Koldo Zuazoren «Euskararen sendabelarrak» liburua aurkeztuko da liburutegian, arratsaldeko 7,30etan. Martxoaren 23an, berriz, Lesakako Mairu antzerki taldearen emanaldia izanen da. Edozein kasutan, hurrengo asteotan ekitaldi guztiak finkatuko dira.
Korrika ttikiak
Azken urteotan egin ohi denez, herri guztietan Korrika ttikiak izanen dira. Lesaka, Etxalar eta Berako kasuetan apirilaren 6an, ortziralean, izanen dira eta Arantza eta Igantzin berriz, apirilaren 7an, larunbata. Bortzirietako ikastetxeak burubelarri arituko dira hauen antolaketan. Leitza, Areso eta Goizuetako eskolek ere eginen dute korrika saiorik apirilaren 6an.
Baztanen bortz korrika ttiki eginen dira apirilaren 2tik 6ra. Elizondon, Baztan Ikastolak eta San Francisco Javier eskolak antolatu dute. Basaburua, Baztangoiza, Irurita eta Oronoz-Arraioz-Gartzaingo eskolek Korrika ttiki bana antolatu dute.
Materiala katalogo bidez
Beti bezala, Korrikaren inguruan hainbertze material dago salgai (kamisetak, polarrak, metxeroak…). Hala ere, aurten horiek eskuratzeko modua aldatu da. Izan ere, materiala katalogo batean bildu dute eta, beraz, katalogo bidez eskatuko da. Katalogoak ohiko tokietan daude ikusgai eta nahi diren produktuak ikusi ondotik eskaera egin behar da.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!