Larunbat arratsetan autobusak jarriko dituzte Bordatxoko harat-honatak egiteko

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 7a

Azken gertakari eta istiluak salatu egin ditu nagusiak

Asteburu honek berrikuntza kozkorra ekarri dio Bordatxo dantzalekuaren ibilbideari, izan ere joan-etorriko autobusak antolatu dira. Denetara bortz autobus antolatu dira eta, arrakastaren arabera, ondoko asteetan ere mantenduko litzateke zerbitzu hau. Autobus bat gaueko 11etan abiatzen da Irunetik eta Bera eta Lesakako plazan eta herrietako bidegurutzetan geldialdiak egiten ditu. Ordu berean, Iruñetik ere autobusa abiatzen da. Gaueko 11,15etan Leitzatik abiatzen da autobusa eta Elizondotik, berriz, bi izanen dira, bat gaueko 11,30etan eta bertzea 12,30etan. Guziek geldialdiak egiten dituzte herrietako bidegurutzetan. Etxera itzultzeko, goizaldeko 5,30etan aterako dira autobusak Bordatxoren ataritik eta irteera puntuetara eramanen du jendea.
Dena den, bertzelako kontu ilunagoengatik ere ibili da Bordatxo­ren izena ahoz aho. Otsailaren 17an gertakari larriak izan ziren bertan. Jose Beola nagusiak Labaiengo gazte batzuen kontrako salaketa egin du. Gau horretan, dantzaleku barrenean komunak xehetu ondotik kanporatuak izan ziren gazte horiek eta handik denbora batera aizkora, sega eta igitaiekin etorri ziren. Bordatxoko ateak itxi egin ziren, baina kristalak xehetu egin zituzten gazte hauek. Salaketaren arabera, 185.000 pezetako gastuak sortu zituzten.
Jose Beolak adierazi duenez, gazte hauek ezagunak dira eta lehendik hainbat iskanbila sortu dituzte eta Urte­zahar gauean ere dantzalekutik kanporatu egin zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun