Hiri eta herri erdaldunetan euskara ikasten ari den ikasleak arazo franko izaten du, edozein hizkuntza ikasteko praktikatzea ezinbestekoa baita. Horretarako aukera desberdinak ditu: lehendabizikoa eta garrantzitsuenetakoa euskaltegian hartzen dituen eskolak. Udako barnetegiek ere, aukera ezin hobea eskaintzen dute euskaraz mintzatzeko eta bizitzeko, edo bestela, familia euskaldun baten etxean hilabete bat igarotzea.
Aukera hauek guziak konparatuko bagenitu, alde onak eta txarrak agerian geratuko lirateke. Barnetegira heldu den ikaslearentzat esperientzia erosoagoa izan daiteke. Barnetegietan ez bezala, familia batekin hilabete bat pasatzea erabaki duenak, bestelako zailtasunak gainditu beharko ditu. Batetik, euskalkia erabat arrotza egiten ahal zaiolako eta bestetik, baserriko bizimoduan eta familia batekin bizi beharrak ere ahaleginak eskatuko dizkio.
Halere, familia batekin hilabetea igaro ondoren ikaragarria da hizkuntzari eman diezaioketen freskotasuna, batez ere ulermenean, ahoskeran, doinuan eta espresibitatean.