Ni birritan egon naiz Leitzan, 99an eta iaz, baina aurten ez dut uste errepikatuko dudanik, lanean ari naizelako. Neretzat oporrak bezala izan ziren Leitzakoak, primeran pasatu nuen. Familiakoa izango banintz bezala hartu ninduten, oso abegikorrak ziren etxekoak. Niretzat baserrikoak ahizpak eta guraso euskaldunak bezala ziren.
Euskarari dagokionez arazo txiki batzuk izan nituen hasieran, batez ere gizonekin. Emakumeekin ez neukan arazorik, bainan gizonekin izugarria zen. Beharbada azkarrago hitzegiten dute eta itxiagoa zen beren hizkera.
Egia esan mintzaira ez dut gehiegi hobetu, baina belarria asko landu dut, ulermena. Berehalaxe ikasi nuen “gara” esan beharrean “ga” esaten…
Eskaria bidali nuenean herrian egotea eskatu nuen, eta ez nekien Urtotxiki baserria zela. Ailegatzean txundituta gelditu nintzen, herritik 3 kilometrora dagoelako. Halere gero herrian ez nuen denbora asko pasatu, gehienbat baserrian egon nintzen, eta esperientzia ikaragarria izan zen. Goizeko 7etan behiak izteko makinarekin… berezia zen.