Guk azken hiru urtean hartu ditugu euskara ikasleak, bat bilbotarra, Getxoko bertze bat eta bi gasteiztar. Karrape irratian izan genuen egonaldi hauen berri eta Leitzako Euskaltegian eman zidaten informazio gehiago.
Kristoren suertea izandu dugu, oso neska majak tokatu zaizkigu. Guk beti neskak hartzen ditugu, neunek nola lau alaba dauzkaten, nahiago dugu neskak izatea. Baserrira etorri eta gurekin edozein lan klasetan aritzeko ez dute erreparorik izaten.
Lehendabiziko bi egunetan ixilik xamar egoten dira, lehen egunean bereziki ez dute apenas hitzik egiten. Lehendabiziko neskarekin gu gerone ohartu ginen afaltzeko tenorean bera arraro xamar zegoela, deneri begira. Orduan galdetu nion “ulertzen duzu guk hitzegiten duguna?” eta berak ezetz. Beraz geroztik kontu pixka batekin ibiltzen gara lehendabiziko egunean, mantso xamar hitzegin, galdetu… baina bigarren egunerako jartzen dira oso poliki.
Baserriko lasaitasuna estimatzen dute gehien. Zortzigarren egunerako osotara erlajatzen dira eta ikaragarri gustatzen zaie hemengo bizimodua.