Aspacek, Burmuin Elbarriak Laguntzeko Nafarroako Elkarteak, erresidentzia zabaldu nahi du Beran, “egiazko premia dagoela ikusita”. Horretarako, gaur egun mediku kontsulta dagoen goitiko bi solairuak moldatuko lirateke eta hamasei lagunendako lekua prestatu. Aurrekontua 33 milioi pezetakoa da. Erdia Ongizate Departamenduak ordainduko luke eta bertze erdia Bortzirietako Udalek. Bertzalde, Bortzirietako Gizarte Zerbitzu Mankomunitatearen ekimenez, Enplegurako Zentro Berezia eginen da Lesakan. Bertze lantegietan nekez ariko liratekeen hogei bat lagunentzako lekua izanen du eta urte akabailarako lanean izatea espero da.
Erresidentziari dagokionez, jarrera ona dago Bortzirietako alkateen artean, Isabel Pardo, Uxaneko Zentroan ari den Aspaceko langileak adierazi digunez. Gaur egun beheitiko solairuan mediku kontsulta duen etxearen bi solairu moldatuko lirateke eta bertze bat egin, 33 milioi pezetako aurrekontuarekin. Erdia, Nafarroako Gobernuaren Gizarte Ongizate Departamenduak ordainduko luke eta bertze erdia Bortzirietako Udalek. Bera zati horren erdia ordaintzeko prest azaldu da eta gainerakoa, biztanle kopuruaren arabera banatuko litzateke, herriz herri. Otsailaren 27an egindako bileran alkateek azaldu zutenez, herrietako batzarretan eztabaidatuko da gaia, baina begi onez begiratzen dute proiektua. Izan ere, Isabel Pardok dioenez, «ez da luxu bat ezinduendako erresidentzia eskatzea, premia-premiako zerbait baizik». Jendearen beharren arabera, egonaldiak ere aldatuko dira. «Familiarik ez dutenentzat beraien etxebizitza izanen da, bertze batzuk astelehenetik ortziralera egonen dira». Erresidentziak hamasei lagunendako lekua izanen luke. Behin obra eginda, Aspacek gestionatuko luke erresidentzia eta Ongizate Departamendutik ordainduko lirateke langileak eta gastuak.
Hogei lagun hartzen ahal dituen Enplegurako Zentro Berezia Lesakako Otsango industrialdean
Beran erresidentzia egiteko asmoa baldin badago, Lesakan ezintasun psikikoa edo fisikoa izan bainan lana egiteko gai diren pertsonei zuzendua izanen den Enplegurako Zentro Berezia egin nahi da. Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan ari den Jon Larretxea hezitzaileak adierazi digunez, «izaera produktiboa izanen du eta bertze edozein lekuetan bezala, soldata eta gizarte segurantza izanen dute hor kontrataturikoek».
Aspaldi ikusi omen zen inguru honetan gisa horretako zentro baten premia, bainan orain arteko saiakerak ez zuten emaitzarik eman. Joan den urtean ekin zioten berriz ere Gizarte Zerbitzuetatik gabezi horri irtenbide bat bilatze lanari eta Aspacerekin lan egitea erabaki zuten. Larretxeak dioenez, «gisa honetako zentro ezberdinak bisitatu eta arlo honetan lan egiten duten elkarte ezberdinekin hitz egin ondoren, Aspacerekin lan egitea erabaki genuen. Elkarte honek lehendik baitu Beran ezintasun larriagoa duten pertsonendako zentroa, baita bertze lekuetan gisa honetako zentroak ere».
Aspaceko zuzendaritzak ongi hartu zuen proposamena, bainan kontaktu eta azterketa batzuen ondoren, ezinbertzekoa ikusi zuten lokal publiko baten beharra, bertzela hasierako inbertsio izugarriak ezinezkoa eginen zuelako honelako proiektu batean sartzea. Mankomunitatetik, orain arte zaborra biltzeko erabili den pabilioia eskaini zitzaion, Lesakako Otsango industrigunean dagoena. «Momentu honetan pabilioi hori egokitzeko proiektua eskatua dago eta inguruko enpresekin kontaktuak hasi nahi dira, hemen bertan lana lortzeko» dio Larretxeak. Pabilioiak duen lekuaren arabera, hogei lagunek egiten ahal dute lana bertan. «Ideia goizeko 8etatik arratsaldeko 5etara aritzea da eta bertan bazkalduko dute» erran digu Jon Larretxeak.
Urte akabailarako zentroa martxan jarri nahi da. Bertan lana egiteko, Minusbalia ziurtagiria behar da. Egoera horretan 18 lagun omen daude Bortzirietan. Erdia baino gehiagok 30 eta 40 urte bitartean ditu. Informazio gehiago behar izanez gero, Gizarte Mankomunitateko 948 635036 telefonora (Jon) deitu behar da.
Enpresa ezberdinendako gisa guzietako lanak eginen dira enplegurako zentro berezi honetan eta urte bukaerarako lanean aritzea espero du Isabel Pardok. «Proiektua hagitz aitzindua dago eta hori martxan jarriko da dudarik gabe. Gizarte Zerbitzuko jendea ere hagitz ilusionatua ikusten dut proiektuarekin. Pabilioa hor dago, obra nola egin ikusten ari dira eta hori urte akabailarako eginen da. Erresidentzia, aldiz, dirulaguntzen menpe dago, baina hor ere baikorrak gara».
Enplegurako Zentro berezia, gainera, ez da lanpostua bakarrik izanen. Iruñeko jendeak gisa guzietako aholkularitza eskaintzen die langileei: Gida-baimena ateratzeko ahalmena baldin badute lagundu, pisua erosteko laguntzak, bizi-proiektu bat aitzinera ateratzeko laguntza orokorra izanen dute. «Ezkondu eta guzi egin diren bikoteak badira. Proiektu osoa da» Isabel Pardoren ustez.n
Isabel PARDO Uxane zentruko zuzendaria
Bortzirietan burmuin elbarriendako Erresidentzia eta Enplegu Zentro berezia egiteko asmoa dago. Premia handia al da?
Biek behar-beharrezkoak dira. Enplegu zentroan lanean ariko diren aunitz erresidentzian bizitzen jarriko direla iduritzen zait. Gurasoak falta zaielako edo independiente izan nahi dutelakoz hasiko dira lanean, baina pisu batean bakarrik bizitzeko gai izanen dira? Batzuk ez, zein etorkizun izanen lukete? Erresidentzia oinarrizkoa da, behar-beharrezkoa, bere kabuz bizitzeko etorkizunik ez duen jendea hartuko duelako. Nire ustez lehentasun gehiago du erresidentziak, baina enplegu zentroa ere behar da eta biak aitzinera aterako dira.
Uxaneren lana osatzeko baliagarriak izanen dira?
Uxanek egunean okupazioa ematen du, baina batzuentzat murritz gelditzen da. Diru pixko bat irabazten dute, baina ez soldata bat. Gehixeago behar dutenentzat hor egonen da enplegu zentro berezia. Gero, hemendik etxera joaten dira eta batzuk, egitan, egoera negargarrian bizi dira. Horientzat erresidentzia bizi duina izateko aukera bakarra da.