Iruritako Urrutia anaiak eta Elizaintzin nagusitu dira II. Paxaka txapelketan

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 4a

Hirugarren postua Elizondoko Unanua-Urtasun eta Franzesenak lortu zuten

Iruritako Andres Elizaintzin eta Igor eta Oskar Urrutia anaiak suertatu dira txapeldun Laxoa Elkarteak bigarren aldiz antolatutako paxaka txapelketan. Iruritako Aranabia pilotalekuan martxoaren 3an jokatutako final borrokatuan 9 eta 7 irabazi zieten iazko txapeldunei, Doneztebeko Arraztoa, Artazkoz eta Etxebe­rriari.
Igor Urrutia, ongi sakatzeaz gain, bikain aritu zen gibeletik. Oskar anaiak ederki lagundu zion eta min gehien egiten duten lekura botatzen zituen pilotak. An­dres Elizaintzin fin aritu zen sare inguruan eta tantu aunitz ongi akau­tu zituen. Donezte­ba­rren artean Patxi Etxe­berria nabarmendu zen. Sa­katzeaz gain, pilota gehienak eskatu eta ongi eman zituen, baina az­ken aldera nekea somatu zuen. Artazkoz ere ongi ibili zen sare ondoan eta tantu ikusgarri­ren bat lortu zuen. Arraz­­toa ere saiatu zen eta zabalean pilota gaix­to batzuk altxatu zituen.
Lehen jokua baztandarrek egin zuten, baina hurrengo biak doneztebarrek egin zituzten. Bina berdindu ondotik, berriz ere bi joku segidan egin zituen Doneztebeko hirukoteak. Iruritakoak 3-4 hurbildu ziren, baina bosgarren jokua egin zuten Etxeberria-Artazkoz eta Arraztoak. Hor etorri zen Urrutia anaien eta Elizaintzinen susperraldia, bortz joku segidan egin baitzituzten eta 8 eta 5 irabazten jarri. Bazirudien txapela segurtatua zutela, baina doneztebarrek azken eginahala egin zuten. Bi joku egin zituzten eta markagailua arras estutu zuten, 8 eta 7koarekin. Baina Iruritakoak ez ziren kikildu eta azken jokuarekin, txapela ere irabazi zuten.

Hirugarren postua elizondarrentzat
Aitzinetik hirugarren posturako lehia jokatu zen. Iruritako Josu Prim, Iñaki Etxandi eta Jexux Garate, Elizondoko Jon Fran­zesena, Iñigo Una­nua eta Joseba Urta­su­nen kontra aritu ziren. Fina­lean bezalaxe, Al­ber­to San Migelek bete zuen epaile nagusiaren lana. Partida orekatua joan zen, berdinketa aunitzekin, baina azkenean Elizondo­koak nagusitu ziren, 9-7.
Partida hori galdu arren, txapelketak emandakoarekin aski gustora ageri zen Josu Prim, antolaketa lanean ere aritu baita. «Gan den urtean zortzi hirukote ginen, aurten hamabortz eta jokua ere ikusgarriagoa izan da. Bortzirietan ere hasiak gara paxaka eta laxoa zer den erakusten eta gustora ikusiko genukeen hango talderen bat txapelketan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun