Asier Olaizola goizuetarrak eta Goñi IIIk, eskuz binakako Espainiako pilota txapelketa irabazi zuten martxoaren 11n. Donostiako Atano III pilotalekuan jokatutako finalean 22 eta 13 irabazi zieten Alustiza eta Belokiri. Partidua hasi orduko Olaizola eta Goñi 8-0 aitzinetik jarri ziren. Gorriak 12-10 hurbildu ziren, baina inoiz ez zuten markagailua berdintzerik izan. Beloki ez zen haseran espero bezala nagusitu gibelean, Fernando Goñik partidu izugarria egin zuelako. Zubirikoak ez zuen kasik pilotarik galdu, eraman ezinak ziruditen sakeak eraman zituen eta behin baino gehiagotan bizkarra erakutsi zion Belokiri. Aitzinean, Asier Olaizolak ederki lagundu zion eta pilota izan zuenean, errebotea bilatu zuen. Alustiza bertze ikusle bat izan zen partiduaren zati handi batean, txapeldunen taktika hori zelako: jo eta jo, Beloki hautsi nahian. Baita lortu ere. Alustiza saiatu zen aitzinean, baina beranduegi zen. Goizuetatik eta Zubiritik joandakoikusleek ederki animatu zuten final osoan, giro paregabea paratuz. Azkenean, Asperekin jokatu zuen azken partidan bere bigarren txapelaren jabe egin zen Asier Olaizola.