Herri kirola maite dutenek, aukera paregabea izanen dute asteburu honetan. Asteburu oparoa baitator. Larunbatean eta igandean hainbat txapelketa jokatuko dira, hemendik eta hemendik kanpo, eta eskualdeko eta kanpoko kirolariekin.
III. EUSKADIKO ORGA JOKO TXAPELKETA
Aurten ere Mutrikun (Gipuzkoa) jokatuko da Euskadiko Orga Joko Txapelketa, larunbat arratsaldean. 18:00etan hasiko da jaialdia, eta parte hartuko duten zazpi kirolarien artean Joseba Petriena beratarrak hartuk odu parte. Gainerkoak hauek dira: Iñigo Saez del Castillo (Araba), Oscar Saez del Castillo (Araba), Oscar Perez (Bizkaia), Jexuxmari Urrutia (Gipuzkoa), Xabier Urresti (Mutriku, Gipuzkoa), eta Pierre Casuso (Ezpeleta, Lapurdi).
200 kiloko orga edo gurdiarekin ahalik eta bira gehien egin beharko dituzte.
Aurtengo emaitzei dagokinez, Nafarroako Txapelketan, Joseba Petrirena gailendu zen, 6 itzuli eta 11,16 metro eginda. 140 kiloko orga erabili zuten.Ipar Euskal Herriko Txapelketan, berriz, Pello Mendiburu Beskoitzekoak (Lapurdi) jantzi zuen txapela, 3 itzuli eta 26,30 eginda. Pierre Casuso hirugarren sailkatu zen, 2 itzuli pasatxo eginda. Gipuzkoako Txapelketari dagokionez, Xabi Urrestik irabazi zuen, 5 itzuli eta 1,60 metro eginda.
II. MAILAKO EUSKADIKO TRONTZA TXAPELKETA GIZONEZKOEN FINALA
Bigarren Mailako Euskadiko Trontza Txapelketako gizonezkoen finala ere larunbatean jokatuko da, Arraiozen, 18:30etik aitzinera. Zortzi bikote ariko dira eta tartean eskualdekoak: Julen Txoperena eta Iñaki Portu igantziarrak. Gainerako parte-hartzaileak hauek dira: Julen Etxebarria-Igor Astondoa (Bizkaia), Andoni Rezabal-Aitor Roteta (Gipuzkoa), Unai Iraola-Jokin Garmendia (Gipuzkoa), Esteban Pikabea-Alvaro Morrondo (Nafarroa), Unai Salegi-Juanjoxe Agirregabiria (Gipuzkoa), Mikel Eugi -Angel Iribarren (Nafarroa) eta Kerman Perez de Heredia - Ernesto Alzola (Araba).
Guztira 15 ebaki egin beharko dituzte : etzanda jarritako 45 ontzako enborrean bortz epai, zutikako 45 ontzako enborrean bortz epai eta etzanda jarritako 45 ontzako enborrean bortz epai
II. MAILAKO EUSKADIKO AIZKORA TXAPELKETA FINALA
Bigarren Mailako Euskadiko Aizkora Txapelketaren finala igandean jokatuko da, Zestoan (Gipuzkoa). 18:00etan emanen zaio hasiera saioari. Eskualdeko kirolari bakarra izanen da: Jon Rekondo leitzarra. Gainerakoak hauek izanen dira: Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia); Manuel Kañamares (Arostegi,Nafarroa); Fausto Mugertza (Mutriku, Gipuzkoa); Joxemari Telletxea (Oiartzun, Gipuzkoa) eta Joxe Ugarteburu (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa).
Sei enbor ebaki beharko dituzte guztira: 54 ontzako enbor bi, 60 ontzako enbor bi eta 72 ontzako bertze bi enbor.
Aizkolariei dagokienez, Aitzol Atutxa bizkaitarrak egin zuen kanporaketako denborarik onena eta sailkapenean hirugarren gelditu zen leitzarra. Finaletik kanpo gelditu direnen artean, Xabier Mindegia labaiendarra eta Ander Erasun aurtiztarra daude.
EUSKADIKO III. MAILAKO AIZKORA TXAPELKETA
Igandean Orozkoko (Bizkaia) zezen-plazan jokatuko den Euskadiko III. Mailako Aizkora Txapelketako bigarren kanporaketan ere izanen da eskualdeko kirolaririk: Raul Kastro urroztarra eta Xanti Olano leitzarra. 12:30ean hasiko da jaialdia eta hauek izanen dira lehian ariko diren 10 aizkolariak, Olano eta Kastrorekin batera: David Amillano (Altsasua, Nafarroa), Alex Txikon (Lemoa, Bizkaia), Xabier Dorronsoro (Zerain, Gipuzkoa), Xabier Zaldua (Zumarraga, Gipuzkoa), Xabier Alkizalete (Asteasu, Gipuzkoa), Karlos Ruiz de Aretxabaleta (Araba), Angel Eraso (Salinas de Oro, Nafarroa) eta Ugaitz Mugertza (Mutriku, Gipuzkoa).
Hirugarren multzo honetan hamabi aizkolari ziren aritzekoak, baina Patxi Mindegia nafarrak eta Urtzi Olasagasti gipuzkoarrak ez dute aritzerik izango, min hartuta daudela jakinarazi dutelako. Beraz, hamar aizkolari ariko dira.
Lehen kanporaketa abuztuaren 23an jokatu zen, Gorritin, eta, Oihan Larretxea (Bera, Nafarroa): 10:52 eta Arkaitz Olano (Leitza, Nafarroa): 10:03 sailkatu ziren finalerako. Larunbateko kanporaketan ere, aurreneko bi sailkatuek lortuko dute finalerako txartela.
Hirugarren eta azken kanporaketa heldu den urriaren 4an jokatuko da, Anizen (Nafarroa). Han lehen multzoko 11 aizkolari ariko dira.
EUSKADIKO GAZTE MAILAKO AIZKORA TXAPELKETA
Igandean, eta kasu honetan, Leitzan, bertze aizkora saioa jokatuko da: Euskadiko Gazte Mailako Aizkora Txapelketa. 12:00etan hasita, hiru aizkolari ariko dira lehian: Eneko Saralegi (Nafarroa), Eñaut Galllastegi (Bizkaia) eta Aritz Irazabal (Bizkaia). 45 ontzako lau enbor eta bi kanaerdiko ebaki beharko dituzte.
Iazko txapelketari dagokionez, bigarren urtez jarraian irabazi zuen Euskadiko Gazte Mailako Txapelketa Ander Erasunek, Oihan Larretxea bigarren sailkatuari 22 segundoko aldea kenduta. Gainera, Erasunek azken zazpi urteotako markarik onena egin zuen. Hain justu ere, 2007an berak egin zuen denborarik onena (10:37), eta iaz 14 segundoan ondu zuen.
EUSKADIKO TXOKOR-BILTZE TXAPELKETA (gizonezkoak)
Txokorrak ikustea nahiago duenak ere izanen du horretarako aukera asteburuan, eta Leitzan, gainera. 12:00etan hasita, Euskadiko Txokor Biltza Txapelketa jokatuko da eta sei kirolari lehiatuko dira, tartean bi eskualdekoak: Fernando Etxegarai beratarra eta Andoni Lasaga etxalartarra. Eurekin batera, Alberto Ibañez (Araba), Alfonso Alvarez De Eulate (Bizkaia), Eneko Garmendia (Baliarrain, Gipuzkoa) eta Jon Larrañaga (Mendaro, Gipuzkoa) ariko dira.
Iazko txapelketa, Baliarrainen (Gipuzkoa) jokatu zen eta orduan, Fernando Etxegarai gailendu zen nagusitasunez, eta bosgarren txapela lortu zuen.
NAFARROAKO TXINGA-ERAMATEKO TXAPELKETA
Txingak ere izanen du tokia asteburuan, Nafarroako Txinga Eramate Txapelketa jokatuko baita igandean Leitzan. Berez, Sanferminetan jokatzekoa zen Iruñean, baina ez ziren kirolari nahiko bildu eta bertan behera gelditu zen. Aldi honetan, baina, nahikoak badira, eta Miguel Angel Sukuntza leitzarra, Berriozarko Imanol Martin eta Martin Zenoz zigarra lehian izanen dira. 50 kiloko txingak eraman beharko dituzte esku banatan, eta ahalik eta plaza gehien egin beharko dituzte.