Larunbat honetan, martxoak 24, arratsaldeko 5etatik aitzinera burutuko da Doneztebeko Bordatxo dantzalekuan Nafarroako Haur Kantari txapelketako kanporaketa. Doneztebeko saioan, batez ere inguru honetako kantariak ariko dira. Lesaka, Bera, Irurita, Doneztebe, Larraintzar, Goizueta, Arano eta Beteluko hogei talde, bikote eta bakarlari ariko dira kantuan, guztira 120 haur eta gaztetxo inguru. Lodosan martxoaren 10ean eta Irurtzunen 17an (Leitza eta Aresoko kantariek bertan parte hartu zuten) saioen ondotik burutuko da Doneztebekoa. Ondotik, martxoaren 31n bertze saioa eginen da Ariben. Puntuazioaren arabera, hogei talde, bikote eta bakarlari sailkatuko dira apirilaren 8an, goizeko 11etatik aitzinera Iruñeko Gaiarre antzokian eginen den finalerako. Sariei dagokienez, kategoria eta modalitate bakoitzeko lehenengo bientzat izanen dira. Bertzalde, aurten Euskal Herriko Haur Kantari txapelketaren finala jokatuko da ekainaren 9an Hernanin. Nafarroatik, herrialdeko finalean epaimahaiak hautatuko dituen hiru ordezkari joanen dira. Epaimahaia Arantza Ezkurra, Burlatako Musika Eskolako irakasleak, Mikel Juaniz, Barañaingo Musika eskolako irakasleak eta La Pamplonesako kideak eta Amaia Zubiria abeslariak osatuko dute.