Nafarroako Gobernuak, Etxebizitza, Ingurumen eta Lurralde Antolamenduaren eskutik departamentu honentzako ez ohikoa den ekimen berri bat sortu du, Bertizko natur parkea pintura lehiaketa.
Marcotegik zuzentzen duen departamentuak kultura eta natura uztartuz natur parkearen irudia berpiztu edo berrindartu nahi du eta lehiaketa hau sortzea iruditu zaio modurik egokiena. Izan ere orain aipatutako helburuez gain Gobernuak Bertizko natur parkearen kalitatea eta irudia Espainian zabaltzea eta bidenabar gure eskualdeko jarduera kulturala altxatu edo laguntzea aipatu ditu lehiaketaren ondorio onuragarri bezala. Horrexegatik lehenik eta behin gobernuak dirutza ederra paratu du lehenbiziko sariarentzat, 3 miloi pezeta, horrelako lehiaketetan aurki daiteken haundienetakoa.
Aurrerantzean mantentzeko ideiarekin sortu den lehenbiziko lehiaketa hau Espainiako edo bertan bizi diren artistei zuzendua dago. Lan guziek inoiz argitaratu edo saritu gabekoak izan behar dute. Lanak maiatzaren 4ko arratsaldeko 6ak baino lehen aurkeztu beharko dira Bertiz natur parkeko palazioan. Palazioko ordutegia goizeko 10etatik 1etara eta arratsaldez 4etatik 6etara da, eta informazio gehiagorako 948 592387 telefonora deituz edo honako e-mail helbidean: gavr.odbertiz@sarenet.es
Parkea bisitatzen dutenek bozkatuko dute margolanik onena
Aurkeztutako lan guziek orijinalak izan behar dute, gehienez 80 x 90 zentrimetoko tamainarekin eta estilo edo teknika librean. Nola ez, izenak berak dioen bezala margoaren gaiak Bertizko jende, natura, edo paisaiak ukitu beharko ditu nahitanahiez.
Irabazlearen izena erabakitzeko, Ingurumen departamentuak berak aukeratutako 8 lagunez osatutako epaimahaia bilduko du. Honen burua Nafarroako museoko zuzendaria izanen da eta gainerakoak, artistak edo margolaritzan adituak. Hauek lan guzien artean aurreaukeraketa eginen dute maiatzean, udan erakusketa egiteko.
Epaimahaikoen botoez gain heldu den uztaila eta abuztuan lan guziak Bertizen paratuko baitira ikusgai, eta parkean agertzen diren bisitari guziek izanen dute beraien lan gustokoena bozkatzeko modua. Ondorioz, irailan, erakusketa itxi ondotik, bozka hauek bildu eta epaimahaikoenekin batera paratuko dira, denen artean irabazlea zein den erabakitzeko.
Lan hauek alde batetik bertzera ibili behar direla kontutan hartuz, antolatzaileek margoak ahalik eta hobekien bilduak eta zainduak aurkezteko gomendatzen dute. Autorearen edo galeriaren baten firma duten margoak ere baztertuko dira. Honez gain margoaren estalkian argi idatzi beharko dira, lanaren izen eta tamainak, egilearen izen-abizenak eta helbidea, telefonoa edo kontaktua. Autoreek, parte hartze boletineko 3 kopiak, lanaren argazkia, artistaren kurrikuluma eta aukeratutako gaiaren sinopsia gehitu beharko dituzte.