SOS Deia: Guraso euskaldun batzuek Gobernu anitz bati

Amaia eta Ainhoa 2009ko irailaren 4a

Urtarrilaren 6an, urtero Errege egunean egin ohi zuenez, Bortziriak jauna haur baten gisara poz-pozik jaiki zen eta bere opariaren bila abiatu zen. Baina, hara non, han ez zuen aurkitu Errege Magoek ekarri ohi dituzten opari sofistikaturik, ezta antzina, urtean zehar gaiztakeriak egiteagatik ekarri ohi zieten ikastz puskarik ere.
Horien ordez NAO (BON) eder bat agertu zen, izenburu gotikoekin apaindua eta erantzunik onartzen ez zuen datarekin: 2000ko abenduaren 11.
372/2000 Foru Dekretuaren edukia laburbiltzen zuen izenburua irakurri bezain laster, bere gorputza dardarka hasi zen: «euskararen erabilera gure komunitate entzutetsuan arautzen duen dekretua». Ezin deus onik espero Sanz jaunak gure hizkuntza arautzeko sinatutako dekretu batetik. Goizeko lehen orduak izaki, ongi ikusi ez zuelakoan, eskua dardar batean, Eguberritako arbolaren ondoan zegoen lanpara piztu zuen, irakurtzen jarraitu ahal izateko. Ez! Ez da posible! Bere begiek bizi-bizi irakurri zituzten NAOko letra txikiak; daradarka jarraitzen zuen. Zergatik ote? Beldurra akaso? Irakurtzen ari zena lehentxeago izandako pentsamendu beltza baino beltzagoa zen. Hura ez zen euskararen erabilera arautzea, euskararen erabilera «akautzea» baizik.
«Zer gertatuko da gure hizkuntzarekin?» zioen behin eta berriz. «Mendez mende gora-behera guztien aitzinean kemenez hura zaintzen aritu ondotik, dekretu batek suntsituko al du?» galde egiten zuen. «Lingua Navarro­rum edo, hitz batean, kultura: euskara horixe baita» pentsatu zuen. «Gure seme-alabek egunen batean euskarazko heziketa maila guztietan (Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoak, Heziketa Zikloak eta Unibertsitatea) izan dezaten orain arte egin dugun bidea bukatu al da? Amildegi baten aitzinean gaude? Dena galtzear al dago?
Gaizki irakurriko zuen: «gobernu anitz batek herritar guztiak kontuan hartu behar ditu eta beraz, ezin ahantzi du herriaren zati haundi bat. Botoak ez ezik, aintzat hartu behar ditu euskararen legea aldatzeko bildutako 50.000 herritarren sinadurak. Inoxoenak ere badaki gobernuak denon hitza entzun behar duela, eta denoi erantzuna eman, gurasook geure seme-alaben nahiz gainerakoen beharra asetzen ahalegintzen garen bezala».
Pentsamendu beltz horiek alde batera utzi nahian, telebista piztu zuen. Kazetari batek behin eta berriz bankuko kontu bat eta telefono zenbaki bat ematen ziharduen, ikus-entzuleek eltze-itsuan bildutako dirutxoak hirugarren mundukoei laguntzeko eman zitzaten. Zera pentsatu zuen: «ez al litzateke hobe elebiz dauden bide seinaleak kendu eta erdarazkoak paratzeko gastatuko den dirutza kazetari hark aipatutako beharrak asetzeko erabiltzea?». Izan ere, guraso euskaldunok halako laguntzarik ezin izanen dugu eman, dirua behar dugulakoz gure seme-alabak beren ikasketak (goi mailako zikloak eta unibertsitatea) euskaraz jarrai ditzaten bertze komunitateetako ikastetxeetara eramateko, gurean zerbitzu hori behin eta berriz ukatzen baitzaigu.
Ideia berri bat aitzinekoei gailendu zitzaien. «Ezin dugu inor euskaraz bizitzera behartu eta modu berean, inork ezin gaitu euskaraz ezin bizi izatera behartu».
Eta hainbertze buelta eman ondotik, bere burua sofa gainean bota zuen Eguberritako arbolaren itzalpean, berak eta bertze guraso anitzeko Errege eguneko egunsenti hartan bizitakoa berriz errepikatuko ez zen itxaropenarekin. Akaso Errege Magoek opari berria ekar lezakete: Euskararen Legearen zinezko aldaketa, Sanz Jaunak sinatua.

Toki Ona Institutuko Guraso Elkartea. Bortziriak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun