Gure gizarte aurreratu honetan gero eta gehiago da sortzen dugun zaborra. Erosten dugunaren %20 ia zuzenean botatzen dugu. Behin eta berriz bildutako produktuek hondakin gehiago sortzen dute eta garestiagoak dira. Egunero, gutariko bakoitzak kilo bat zabor sortzen du gutti goiti beheiti eta gero eta gehiago izanen da. Horren jakitun izanik eta gure ingurumenarekin solidario izateko, eguneroko ohituretan GBB filosofia ezarri behar omen da: Gutxitzea, Berrerabiltzea eta Birziklatzea. Filosofia horrekin bat eginez, zabor ontzi berriak jartzeaz gain, zaborra bereizi eta bakoitza bere ontzira botatzeko kanpainari ekinen diote abudo Baztan, Bortziriak eta Malerrekan.
Zabor mota bakoitza dagokion tokian uzten ez dugun bakoitzean ingurumena kaltetzen ari gara eta, gainera, garestiagoa da. Kontuan hartu behar da banaz bertze pertsonako kilo zabor sortzen dugula egunero (baserri eta auzoetakoek, 0,9 kilo; auzo haundi eta herri ttikietakoek 1,1 kilo eta herri haundietakoek 1,5 kilo). Beraz, ezinbertzekoa da kopuru horren zati bat bederen, berriz ere erabili ahal izatea: birziklatzea, alegia. Orain arte, zabor mota bakoitza bereizteko ontzi nahikorik ez genuela aitzakitzat jartzen ahal genuen, baina azken urteetan aldatzen ari da hori. Kristalak, pilak edo papera eta kartoia eguneroko zabor organikoaz bereizteko zaborrontziak jarriak dira azkeneko urteotan ia inguru osoan. Orain bertze pausu bat emanen da Bortziriak, Malerreka eta Bortzirietan: papera eta kartoia alde batetik eta brik, plastiko edo metalezko enbaseak bilduko dira bertze aldetik, bakoitzak beraien zaborrontzietan berezi ondotik.
Gainera, tamaina handiko hondakinak etxez etxe bilduko ditu Iruñeko Traperos de Emaus erakundeak. Zerbitzu horren bitartez, bolumen handiko objektu guztiak bilduko dira, edozein egoeratan egonda ere, zaborrak, hondakin organikoak (animalienak edo begetalak) eta hondakin industrialak izan ezik, eta beti ere objektuak maneiatzeko bitarteko mekanikorik behar ez denean (hala nola, garabiak, txirrikak...) eta momentuan eramateko prest baldin badaude.
Tamaina haundiko hondakinak etxez etxe bilduko dira
Tamaina handiko hondakinen biltzea da, hain zuzen, hemendik aitzinera zaborren bilketan aldaketa handiena izanen duena. Orain arte hondakin horiek zaborrontzien ondoan utzi eta hilean behin biltzen zituzten. Orain ere hilean behin bilduko dituzte (Bortzirietako Mankomunitatean hileko bigarren ortzegunean, Malerrekako Mankomunitatean hileko hirugarren ortzegunean eta Baztanen hileko laugarren ortzegunean) baina etxetik bertatik eramanen dituzte, horretarako aitzinetik telefonoz deituta. Traperos de Emaus erakundearen ustez, bolumen handiko hondakinen bilketa antolatzeko sistema egokiena da etxez etxeko zerbitzu hau. Talde horretako kide den Federicoren erranetan, «Objektuak eta materialak aprobetxatu eta birziklatzeko metodorik onena da, objektuak ez direlako nahasten, zikintzen edo hondatzen. Erabiltzaileendako kalitatezko zerbitzua da, ez dutelako inolako esfortzurik egin behar eta etxean bertan jasotzen zaielako objektua. Objektuak ez dira kalean egoten eta zerbitzuko langileek baino ez dituzte maneiatzen; beraz, ez da inolako botatze gunerik egoten kalean. Gainera, objektuak ez dira hondatzen eguraldiaren eraginez (euria, elurra, haizea...), ezta sakabanatzen ere».
Bertzalde, materialak birziklatu eta berreskuratzeko biltzen direnez, herritarrak gai honen inguruan kontzientziatu egiten dira. «Erabiltzaile asko pozik ikusten ditugu, euren objektuak eramateko eskatzen digutenean. Horrelako zerbait esaten digute askotan: “Nik jada ez dut erabiliko, beraz beste batzuek erabil dezatela”. Elkartasuna argi eta garbi ikusten da eta horrek komunitatearen aldeko gauza ugari adierazten ditu». Azken finean, birziklatzearen filosofia horixe baita.