v Bertizko Nafarroa Abentura BKZ eta Bidarraiko Auñamendi enpresek hizkuntza, kirola eta natura uztartuko dituen gazteendako proiektua prestatu dute udaberrirako.
v Hamabi asteburuz eginen da, martxoaren 24tik hasi eta ekainaren 31 bitarte. 600 gazteendako lekua izanen da, 50-60 asteburu bakoitzeko.
v Nafarroa eta Akitaniako 18 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta dago. Nafarroako Gobernuaren eta Akitaniako Kontseiluaren laguntza jaso du. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere bertako gazteak lagunduko ditu.
Zein helbururekin prestatu duzue «Bidarrai 2001» egitasmo berri hau?
Akitania eta Nafarroako gazteen artean natur kirolak eginez harremanak estutu nahi ditugu. Horretarako gazteek asteburuko egonaldiak Bidarraiko Auñamendi aterpean eginen dituzte, udaberriko asteburu gehienetan. Gure esperientziaren arabera, natur kirolak praktikatzea harreman hori estutzeko arras baliagarria da, bertze giro bat sortzen da.
Kirolak ez ezik, hizkuntzek ere garrantzi berezia izanen dute proiektu honetan?
Hizkuntzak oinarritzat hartzen ditugu, elkartzeko elementu garrantzitsua direlakoz. Etorkizuneko Europan hizkuntzak aberastasun kulturalak direla ikusi behar da eta ez batzuk bertzeak zapaltzeko tresna bezala. Proiektuak hartzen duen lurraldean, frantsesa, gaztelera eta euskara entzuten da eta hiruak entzutera ohitu behar dute gazteek. Hizkuntzekiko harreman hori armoniaz bultzatu nahi dugu. Hizkuntz normalizaziorako interesgarria izanen litzateke Erriberako gazte bat, Bordelekoa eta Leitzakoa elkartzea plangintza honetan.
Zenbat jende espero duzue kanpaina honetan?
Seirehun gazteendako lekua izanen da, asteburu bakoitzeko 50 edo 60 lagun. Udaletxeak ere interesatuak agertu dira. Adibidez, Tafallakoak egina du bere eskaria, Europako dirulaguntzari esker prezioak ere arras interesgarriak direlakoz. Asteburu osoa ekitaldiak eginez (rafting, kayak, kainoiak, puenting, piragua…), bazkariak, lotarako lekua, aseguruak, materiala eta monitoreak 8.000 pezetatan ateratzen da. Larunbat arratsetan mahaingurua ere izanen da, «Hizkuntzak eta gazteria Nafarroa eta Akitanian» izenburupean.
Zer egin behar du programa honetan parte hartu nahi duen gazteak?
BKZra jo behar du edo telefonoz informazio gehiago emanen zaio (948 592322). Gainera, ez da beharrezkoa taldea osatzea horretarako. Banaka edo binaka nahi izanez gero ere izanen da aukerarik, horrek ez du mugatu behar. Bortziriak, Baztan eta Malerrekako gazteak ere animatu nahiko nituzke, bereziki. Ez dugu ohitura handirik asteburuak hor barna pasatzera ateratzeko. Kanpotik bai mugitzen da jendea, baina hemendik gutti. Oraingoan aukera ederra dago, kirola giro onean egin, kultura eta jende ezberdinak ezagutu eta asteburua prezio merkean pasat