Menopausiari buruzko saioak antolatu ditu Osasun Etxeak

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 4a

Ezpelura taldearen eta Elizondoko COFESen laguntzarekin

Azkeneko urte hauetan ohi duen bezala, aurten ere Doneztebeko Osasun Etxeak menopausiari buruzko saio batzuk antolatu ditu. Ez­pe­lura Emakume Elkar­tearen eta Elizondoko COFES-eko adituen laguntza izan dute 40 urtetatik 55 urte bitarteko emakume eta bere bikoteendako zuzendutako saio hauen antolaketan.
Bi ordutako lau saio izanen dira, apirilaren 24 eta 26an eta maiatza­ren 2 eta 3an, arratsaldeko 4,30etatik 6,30etara, Doneztebeko pisu tutelatuetako beheitiko solairuan. Izen emateko apirilaren 20a baino lehen Donezte­be­ko Osa­sun Etxera deitu behar da, 948 456001 telefonora, astelehenetik ortziralera, 11etatik 3etara (Amaia).
Osasun Etxetik adierazitakoaren arabera, menopausia zer den, aldaketak eta eragiten dioten faktoreak; norberaren zainketa, elikadura eta erlajazioa; tratamendu hormonal sustitutiboa eta klimaterioan sortzen diren aspektu afektibo sexualak izanen dira landuko diren gaiak. Saio hauen bitartez, menopausiari buruzko arazoak ezagutzea, desdramatizatzea eta informazio orokor eta indibiduala izatea lortu nahi da. Modu berean, senar-emazteek emakumea zer egoeratan dagoen jakitea eta menopausia bizitzaren bertze etapa bat dela argi izatea dira saio hauen bertze helburuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun