Hilabete batzuk lanean bazituen ere, apirilaren 5ean egin zen Lesakako Alkaiaga industrialdean kokatua dagoen Bidasoako Enpresei Bideratutako Zenbitzu Zentroaren aurkezpena. Ekitaldi honetan, Francisco Iribarren Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Kontseilaria, Jose Javier Espartza, Cederna-Garalur elkarteko lehendakaria eta Jose Luis Etxegarai Lesakako alkatea izan ziren, bertzeak bertze.
Lesakako alkateak adierazi zuenez, «gazteei irtenbidea eman nahi zaie mindegi honekin. Gazteei beraiek beraien lanbidea sortzeko aukera eman nahi zaie eta horretarako lokala lortzea izaten da arazorik handiena. Lehen bi urtetarako leku hori eskainiko zaie enpresa mindegian, zenbait zerbitzu osagarriren laguntzaz gainera. Ilusio handia genuen proiektu honekin eta Europako laguntzari esker aitzinera ateri da».
Kizkitza Isasi iturendarra izanen da zentru honetako arduraduna. Hirurogeina metro koadro dituzten sei nabe eskainiko dira. Arbizu eta Izizen irekiko diren zentruekin batera sarean egonen da Alkaiagakoa. Irene Gastamintza, sare honetako arduradunak erran zuenez, mindegi hauetan ideia bat izan duen norbaiteri ideia hori garatzeko laguntza eskaintzen zaie. Aitzinetik, proiektuaren bideragarritasuna aztertu behar da: «Jendeak ideia garbi du auniztan, eta hagitz ona izaten ahal da, baina ekonomikoki bideragarria ez izatea gerta daiteke».