Bertizko Jaurerria eta Erdi Arotik XX. mendera bertan bizitu direnen historia ezagutzeko liburu interesgarria idatzi du Andoni Esparza Leibar idazleak. Bidasoa Ikerketa Zentroak argitaratu du. Jakina denez, gaur egun Nafarroako Gobernua da Bertizko Jaurerriaren jabe, 1900. urtetik 1949ra azken nagusi partikularra izan zen Pedro Zigak horrela erabaki baitzuen bere testamenduan. Aitzinetik, XIV. mendetik 1884 arte, Bertiz herentzia edo oinordekotza bidez pasatu zen belaunaldiz belaunaldi.
Mende guzi horietan Bertizen gertatutakoak, jabetza eskuratzeko gatazkak eta jaurreritik kanpo izandako gertakari historikoek barnean izandako eragina ematen ditu argitara «Bertizko Jaurerria» liburuak.
Bertizko jaurerriari buruz idatzirik deus handirik ez zegoela ikusita hasi zen bertako historia biltze lanean Andoni Esparza. «Berez historia nahiko interesgarria du Bertizek. Beti hor egon den lur-eremu bat da, beti norbaiten esku egon dena. Oso leku konkretua da, baina beste aldetik nahiko zabala da. Bere dorretxeak ditu eta auzo bat ere bada. Natura aldetik ere oso interesgarria da eta guzi horri buruz ez zegoen ia deus idatzia. Somatzen nuen historia aberatsa izan zezakeela eta horrela gertatu da» dio idazleak.
Bertizeri buruz zerbait idatzia ote zegoen segurutik jakiteko Julio Caro Baroja zenarengana jo zuen bere garaian Esparzak. Honek, ondoko Erreparatzea jauregiaren historia ikertua bazuen ere, Bertizen gaineko daturik ez zeukala adierazi zion. Inguru honen iragana xeheki ikertua zuen ikertzaile handi batek gai honetaz deus ez jakiteak, batere landu gabe zegoela erran nahi zuen, eta lanean hasi zen Esparza.
Liburuaren lehendabiziko bertsioa 1994an idatzi zuen, eta urteotan sortu diren datu interesgarriak gehitu dizkio geroztik. Bidasoako Ikerketa Zentroak, Bera eta Lesakako historiari buruz argitaratutako liburuxken ondotik karrikaratu du Bertizkoa.
Artxiboetan begiratu, jaurerriarekin harremana izan duen jendea elkarrizketatu, testuak idatzi… zailtasunez betetako lana burutu du Esparzak. «Lanik zailena izan da orokorrean, datuak ez zeudela toki batean bilduak, denak oso sakabanatuak baizik. Artzapezpikutzan zati handi bat zegoen, baina beste artxibo batzuetan ere baziren hainbat kontu. Beste gai historiko batzuetan agiri guziak leku berean izaten dira, nahiz eta asko irakurri behar izan dena zentralizatua dago. Hemen ez eta hori izan da zailena. Gainera, ezin izan dut dena kontsultatu eta dokumentuak galdu direla uste dut».
Bertiz familiatik, Pedro Ziga eta Nafarroako Diputaziora
XIV. mendetik XVI. mendera arte Bertiz familia izan zen jaurerriaren jabe. 1604. urtean auzi luze bat hasi zen Bertizen jabetzarekin lotua. Honako hauek ziren salatzaileak: Joan Alduntzin, Goizuetako semea, eta bere osaba Martin Alduntzin, Errenteriakoa. Salatuak, berriz, Luis Bertiz eta bere ama, Joana Beaumont, jaurerriaren jabeak. Kasik XVII. mende osoa iraun zuen oinordekotzaren auziak eta 1672ko martxoaren 22ko sententzia baten bidez, Joan Frantzisko Alduntzin Bertiz egin zuen Bertizko jauregiaren eta maiorazkoaren jabe. Baina ondorengorik izan gabe hil zen Alduntzin eta berriz ere auzia sortu zen. Ezkontzen bitartez, jaurerria Elio familiaren eskuetara pasa zen, Vessollako markesak, hain zuzen. 1884an markesen oinordekoek saldu egin zuten Bertiz, 90.000 durotan. Eroslea Pedro Andres Oteiza narbartearra izan zen, Mikaela Iriarteren alarguna. Oihana aprobetxatzeko erosi zuen Oteizak. 1900an, berriz, Pedro Zigak erosi zuen 650.000 pezetatan. 1949an, Ziga hil zenean, Nafarroako Diputazioari eman zion jaurerria, zenbait baldintzekin: galerazia zegoen arbolak nahiz adarrak moztea, ihizian eta arrantzan egitea, fabrikak edo harrobiak paratzea eta autoak edo karruajeak ibiltzea.
Andoni ESPARZA Liburuaren egilea
Zer da Bertizko jaurerriaren historian gehien harritu zaituena?
Bi gauza, beharbada. Batetik Karlistaden garaiko gertakizun interesgarriak eta batez ere Pedro Zigaren historia, pertsonai honi buruzko galdera batzuk ezin argituz gelditu bainaiz. Aurkitu dudan dokumentazioa ez da osoa. Garai hartarako oso pertsona berezia zen, Europako elkarte pila batekin harremanak zituen, bidai asko egiten zuen, hori oso arraroa zen hemen orduko aristokrazian. Baina 70 urterekin pertsona kontserbadorea eta oso erlijiosoa zen, bere testuen arabera. Kontraesan bat dela ematen du, edo agian horrela izan zen bere bilakaera. Dena den, pertsona enigmatikoa zen Ziga. Batzuk masoia zela ere erraten zuten, baina katoliko guztiz ortodoxoa zen.
Bertze libururen bat idaztea pentsatua duzu?
Nafarroako udal heraldikari buruzko artikuluxka batzuk idazten ari naiz, Lurra aldizkarian, baina laburrak dira. Momentuan ez daukat bertze libururik idazteko asmorik.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!