«Bi aldiz atera eta bi txapel lortu, kontent egoteko modukoa da»

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 4a

«Saio dezente egiteak bertsoetarako erraztasuna ematen du, konfiantza, segurtasuna… bertsoa gutxitan kantatu izan bazenu baino errazago ateratzen da»

• Joan den urtean Goizuetan bezala, apirilaren 1ean Beran Nafarroako txapeldun suertatu zen Hendaiako Amets Arzallus.

• Ondotik Estitxu Arozena, Xabier Silveira, Sustrai Colina, Bittor Elizagoien, Iñigo Olaetxea, Joxe Juan Zubieta «Etxabe» eta Juan Mari Lopez sailkatu ziren.

• Euskal Herriko txapelketan finalerdietan sartzearekin egiten du amets Arzallusek.



Bigarren txapelketa eta bigarren txapela. Txapeldun handi baten konfirmazioa da?
Ez dakit txapeldun handi baten konfirmazioa den, baina lehengo urteko txapelketaren konfirmazioa izango da. Bigarren aldiz atera, eta bigarren txapela janztea… berriz ere hala egokitu zait eta kontent egoteko modukoa da. Lehengo urtean zortea izan nuen haraino iristeko eta aurten ere bai, eta ea aurrerantzean ere horrela segitzerik izango den.
Zortea baino gehiago, gibeletik lan handia dagoela azpimarratu behar da.
Dudarik gabe, zorteak berea ere izaten du toki guztietan, baina atzetik ordu askotako lana dago, talde lan handia, gu horraino iristen lagundu digutenen indar eta gogo handia, eta denon lanari esker fruituak iristen hasi dira; nahiz eta oraingoz niretzat izan, uste dut denentzat balioko dutela.
Urte osoan egindako saio kopuruak ere aunitz lagunduko zizun?
Saio dezente eginez gero, horrek ere bertsoetarako erraztasuna ematen du, konfiantza, segurtasuna… eta bertsoa gutxitan kantatu izan bazenu baino errazago ateratzen da, eta horrek, dudarik gabe, asko jokatzen du.
Finala punta-puntakoa izan gabe, polita eta osoa izan zen. Nola ikusi zenuen?
Saioa nahiko polita izan zela, ni ere bat nator. Kartzelan nengoenean, ez nuen batere garbi ikusten, eta nahiko orekatua zegoela ikusten nuen. Bukaeran ere, puntuazioa jakin arte nire zalantzak nituen, eta denak hor ibili ginen. Horrek erakusten du saioa nahiko polita joan zela. Ikusi besterik ez zen Estitxuk, Etxabek eta Silveirak kolpeak botatzen zituztenean han entzuten ziren txalo zaparradak. Kolpean-kolpean sorta politak joan ziren. Etxabe lehen aldiz Izpuran aditu nuen eta zein ongi kantatzen zuen sumatu nuen. Finalean kolpe politak bota zituen, eta hizkuntzan ere zuzen ibiltzen da. Bertsoa ongi ateratzen zaio, eta aurrera begira gehiago ematea badu.
Euskal Herrikoan izanen duzu orain burua. Gauza handiak egitera iristen ahal zarela hasiak dira erraten…
Final-laurdenak gainditzea izango da nire helburua, eta finalerdietara sartzea lortzen badugu, nahikoa egina izango dugu, Euskal Herrian badelako nahiko emaitza bertsolari batentzat. Oraindik denbora pixka bat badago, eta hor ere lan dezente egin beharko da txapelketa horri aurre egiteko, eta ahalik eta urrunen iristeko.
Eta zeure burua Euskal Herriko txapelketako finalean ikusten al duzu?
Amets egiten dudanean, batzuetan bai. Baina belodromoa oso toki handia da, baina oso toki gutxi dago, eta eliteko bertsolariek zer maila duten badakigu. Hori oraingoz amets bat bakarrik da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun