Irailaren 12an eta 13an Belgikako txapelketan parte hartuko Javier Mariezkurrena kamioigidaria

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 4a

Txekiar Errepublikan emaitza onak lortu ditu asteburuan

Europako txapelketarako probetan parte hartzen segitzen dute Javier Mariezkurrena Doneztebeko kamioi-gidariak eta Ederki tailerreko eskuderiak. Hurrengo hitzordua irailaren 12an eta 13an izanen du, Zolderren, Belgikan.

Aitzineko asteburuan, abuztuak 29 eta 30, Txekiar Errepublikan izan ziren, eta egindako lanarekin gustura itzuli da taldea. Larunbatarekin egin zen lehen lasterketan bederatzigarren postuan bukatu zuen Mariezkurrenak, eta horrekin bi puntu eskuratu zituen Europako sailkapenerako. Dena den, segurtasun euskarria hautsi zitzaion kamioiari. Bigarren lasterketan, berriz, bederatzigarren postuan abiatu, eta zazpigarren bukatu zuen. Taldeak ttipi-ttapari adierazi dionez, “hagitz kontent” akitu zuten eguna, eta sei puntu lortu zituzten Europako txapelketarako.

Igandearekin, bertze bi lasterketa jokatu ziren. Eguneko lehen proban hamaikagarren postuan bukatu zuen lasterketa, baina berriz ere segurtasun euskarria hautsi egin zen. Asteburuko azken proban ere hamaikagarren gelditu zen. Nabarmentzeko postua, izan ere, istripu ttiki bat izan zuen, eta azken bihurgunean gurpiletan ere arazoak eduki zituen. Halere lan ona egin zuen, eta asteburuan egindakoarekin gustura etorri dira etxera. Segurtasun euskarri hain abudo ez puskatzeko zerbait egin beharko dutela ere aipatu dio taldeak Ttipi-Ttapari.

Heldu den asteburua atseden hartzeko izanen du Mariezkurrenak, eta hurrengoan, irailak 12 eta 13, aipatu bezala, Belgikan izanen da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun