Koteto Ezkurrak aisa irabazi zion Lizasori Bingo-Londreseko finala

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 3a

35-14 gailendu zen Galarretan, buruz buruko seigarren txapela lortuz

Koteto Ezkurra maisutasunez nagusitu zitzaion Iñaki Lizasori irailaren 8an Galarretan jokatutako finalean, eta bera da Buruz Buruko Bingo Londres Lehiaketako txapelduna. Jaun eta jabe izan zen hasieratik eta sakez egindako hamaika tantoei esker, neurri handi batean, laster bideratu zuen partida nahi zuen bezala. Lizaso besarkatu zuen azken tantoa egin bezain pronto, eta, txapela jasotzean, malkoei ezin izan zien eutsi. Emazteari eskaini zion merezitako garaipena.

Lizaso ezinean, Ezkurra bikain
Partidaren bukaeranan ederki laburbildu zuen Lizasok kantxan gertatu zena: «Ezinezkoa izan da. Bera da onena, eta, horrela aritzen denean, ezinezkoa da hari irabaztea». Ezinean ibili zen Lizaso partida osoan. Sakean berak ez zuen asmatu eta errebotean ere arazo aunitz izan zuen Kotetoren pilotakadak eramateko.
Ezkurra bikain aritu zen. Hasieratik aitzinetik izan zen markagailuan, eta nahi zuen erritmoa jarri zion partidari, bere kolpe indartsuen bidez. Sakea izan zen bere armarik onena. Hameka tantu egin zituen lehen pilotakadarekin. Lizasok bakar bat ere ez. Horretaz gain, peloteoan ere iazko txapelduna baino hobe aritu zen eta bi pareteko ikusgarriekin akitu zuen tantu bat baino gehiago. Egindako lanak merezitako saria eman zion: txapela, seigarren aldiz.
Iñaki Lizasok ez zion inolako aitzakiarik jarri: «Ez dago aitzakiarik. Koteto ni baino aunitzez gehiago izan da eta merezita irabazi du. Berak horrela jokatzen duenean zaila da irabaztea. Era guztietara probatu dut, baina denean menderatu nau. Sakearekin ongi asmatu du, eta partida hor erabaki dela uste dut».
Lizasok aurtengo txapelketako lehen partida zuen: «Txapelduna nintzen, eta horrek finala bakarrik jokatzeko eskubidea ematen dit, baina ez da aitzakia».

 

Koteto EZKURRA  Txapelduna

Koteto Ezkurrak une hunkigarriak bizi izan zituen. Txapela lortu ondoren ezin izan zien negar malkoei eutsi. Bere emaztea gaixotasun larri bat gainditzen ari da, eta berari eskaini nahi izan zion garaipena. «Bera partida ikusten egonen zen. Bolada arras txarra pasatu du, eta lortutako txapela beretzat da», erran zuen. Partidaren gakoa sakean egon zela ere aitortu zuen: «Sekulako gogoarekin kantxaratu naiz, eta partida arras ona atera zait. Sakearekin asmatu egin dut, eta hortxe egon da gakoa. Piloteoan ere menderatu egin dut, eta ongi eraman dut partida». Dena dela, Lizasorentzat ere hitz onak izan zituen: «Bera pilotari gogorra da. Iaz txapela lortu zuen. Gaur mendean izan dut, eta horrelakoetan zaila da zerbait egitea», erran zuen Doneztebeko aurrelariak. Txapeldunak ez du uste bertzeen gainetik dagoenik: «Ez dut uste. Egia da une onean nagoela, eta hagitz gustura ari naizela pilotan. Iaz galdu egin nuen finala, eta ikusi zen niri irabaztea ere posible dela», adierazi zuen Ezkurrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun