Sara Korrika atletismo elkarteak lasterketa bat antolatu du lehen aldikotz herriko bestak kari. Lasterkaldia buruilaren 8an iragan zen. Abiada arratsaldeko 5etan eman zen plazan. Korrikalariek bidea Suhalmendi barna markatua zuten, gero Ihalar eta Xarbo Errekan gaindi ibili ziren, plazara berritz ailegatzeko.
Antolatzaileak arras kontent agertu ziren, gaitzeko arrakasta lortu baitzuten 102 lagunen parte hartzearekin. Lehena errebotera ailegatu zena hiru aldiz Euskal Herriko kross txapelduna den Iruñeko Andres Perez izan zen, ibilaldia 36 minutu eta 29 segundutan burutu ondotik. Bigarrenak, Rafa Maritxalar lesakarrak, 37 minutu eta 19 segundu eman zituen ibilaldia egiteko. Horien ondotik Iñaki Lopetegi, 1999. urteko kontrabandisten lasterketaren irabazlea. Bertzalde, aipatu beharrekoa da 23 saratar lasterka ibili zirela. Ramuntxo Lamothe izan zen lehena, laugarren postuan. Lasterkari gazteena herriko Mikael Laborde, bere 15 urterekin, izan zen eta zaharrena Angeluko 73 urteko emazte bat. Taldeka, Sara Korrika izan zen lehenbizikoa, Lamotheren laugarren postuaz gain, Michel Larzabal hamargarren, Jakes Bernet hamabigarren eta Pepe Iramuno hamabosgarren izan baitziren. Lehen emaztea, Angeluko Nicole Doyambehere izan zen.