Nafarroako Gobernuaren dekretua salatu du Mankomunitateak

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 3a

«Euskaldunon aurkako eraso planifikatutzat» jo du

Nafarroako Gobernuak irailaren 5eko Foru Dekretuaren bitartez eremu euskaldunean Osasunbideko plantila organikoaren zein lanpostutan behar den euskaraz jakitea zehaztu zuen. Hemendik aitzinera eremu euskaldunean euskarak merezimendu gisa zuen balorazioa kendu egin dute eta euskara bertze merezimendu bat izanen da, Europako Batasuneko gainerako hizkuntzekin batera puntuatuko dena. Gertaera honen aitzinean, Malerrekako Zerbitzu Orokorreko Mankomunitateak  «Nafarroako Gobernu­aren neurri berri hauek azken urte honetan euskararen eta euskaldunon aurka gauzatzen ari den etengabeko eraso planifikatuaren barne kokatzen ditugu» adierazi du. Gobernuaren jarrera onartezia iruditu zaio Mankomunitateari, «herritarren zerbitzura egon beharrean eta beren eskaerei erantzun beharrean, behin eta berriz bizkarra ematen ari zaigulakoz».
Idatziaren arabera, «Gobernutik eta komunikabide zenbaitetatik anitzetan tranpa egin nahi izan digute, alegia, mediku onaren eta euskaldunaren artean aukeratu beharra. Aitzitik, zera aldarrikatu nahi dugu: mediku ona izanen da medikuntzako alorra menperatzeaz gain, herritarrei behar bezalako zerbitzua emateko gai dena, hau da, bertzeak bertze, bertakoen hizkuntzan, euskaraz, harrera egiteko gai dena». Mankomunitatearen ustez, «neurri berri hauekin herritar guztiak gara diskriminatuak, legez ofiziala den hizkuntza ezin dugulakoz administrazioarekiko harremanean erabili».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun