Eguraldi txarra eta euria ez ziren oztopo izan irailaren 9an egin zen Usategietako laugarren Auto-igoerarako eta horren adibide izan ziren Joseba Beola eta Jon Iparragirre “Katton”. Bi gidari hauek igoera bikain baten ondotik bigarren eta laugarren postuak eskuratu zituzten. 49 gidarik hartu zuten parte eta hauek izan ziren klasifikazio orokorreko denborarik onenak: Javier Azcona irabazlea (04:00,07) Joseba Beola bigarren (04:04,70) Pantxo Egozkue hirugarren (04:04,83) eta Jon Iparragirre laugarren (04:08,73). Aipatu, Joseba Genuak 13. postua eskuratu zuela. Hala ere, aurtengoan norbait azpimarratu behar izanez gero, Joseba Beola gidari gaztea izanen zen lau sari irabazi zituelakoz: klasifikazio orokorreko bigarren postua lortzeaz gain, berari eman zioten zonaldeko gidari onenaren saria, bere kategoriako lehenengo saria eta baita Junior mailako lehenbiziko saria ere. Aipatu zigunez «ez nuen lau sari irabaztea espero. Hasteko eta behin, euriarengatik: karretera bustia egoteak zailtasun handia ematen baitu. Eta gero, Azconaren mailako gidari onak zeudelako, eta nik ez dut horien esperientziarik. Sorpresa bat izan da, eta hagitz konten nago». Erran dezakegu auto-igoera hau antolatzeko arazoak izan baziren ere, aurtengo edizioa hagitz arrakastatsua suertatu zela.