Zalaingo Condesa lantegiaren egoera salatzeko Gasteizera joan dira 160 bat langile

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 4a

24 orduko geldialdia eginen dute gaur

Zalaingo Condesa lantegiko 160 bat langile Gasteizera joan dira, gaur, ortzeguna, Gasteizko Ama Zuriaren Plazan eginen duten elkarretaratzean eta prentsaurrekoan parte hartzeko. Uztailaren 9an zuzendaritzak aurkeztutako Bideragarritasun Planaren arabera, Zalaingo lantegia bideragarria izateko aukera bakarra 140 langile kanporatzea eta Zalain Transformadoseko Hitzarmena baztertu eta Nafarroako Metalgintzako Hitzarmena indarrean paratzea dira. Langileen kalterako, bi hitzarmen horietan baldintzak diferenteak dira. Egoera hori salatzera doaz gaur Gasteizera.

11:45etik 13:15era bitartean, Gasteizko Ama Zuriaren Plazan elkarretaratzea egitekoa zuten, eta tartean, 12:15ean, prentsaurrekoa eskaintzekoak ziren. Horrez gain, inguruan barna, Condesako bulegoen aitzinetik pasatuz, itzulia ematekoak ziren: Iribecampos-Uribarren Zalain ez itxi, despidorik ez pankartarekin. Iribecampos-Uribarren familia Condesaren jabea da.

Julen Mitxeltorena LABeko ordezkariak adierazi digunez, “sindikatu guztiek aho batez onartutako ekimena da, eta 160 bat langile goaz Gasteizera: hiru autobus beteta eta autoz ere badoa jendea”.

Zuzendaritzaren Bideragarritasun Plana

Aipatu bezala, uztailean zuzendaritzak Bideragarritasun Plana aurkeztu zuen eta geroztik ez du berririk eman. Plan berri hori irailaren lehenean aurkeztekoa zuen Nafarroako Gobernuko Lan Sailean baina, gaur, iralak 3, oraindik ez zuen aurkeztua eta Mitxeltorenak baieztatu digunez, “Langileen Batzordeak ez du berrik jaso”.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun