Javier Marcotegui, Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza departamenduko kontseilaria eta Javier Urbistondo eta Carlos Sancho, Donostiako udaleko PPko zinegotziak irailaren 11n bildu ziren Iruñean, Artikutzaren etorkizunaz hitzegiteko. Jakina denez, Artikutza Donostia Udalaren jabetza da, nahiz eta Goizuetako lurretan kokatua egon. Donostiako bi zinegotziek, udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko harremanean «aro berri bat zabaltzeko» asmoz joan ziren Iruñera, «bi erakundeen arteko elkarlana bultzatzeko eta Artikutzak ingurumenarendako duen balioari eusteko».
Eguneko bisitari kopurua handitu
Gaur egun, gehienez 60 lagun sartzen ahal dira egunean Artikutzan, aitzinetik baimena eskatuz Donostiako Udalean. Udalak ez luke begi txarrez ikusiko kopuru hori handitzea, beti ere Nafarroako Gobernuarekin akordio batzuetara ailegatuz gero, ikasleendako ingurumen hezkuntza edo ikerketa programetan, adibidez. Kontserbazio plangintza edo oihan hobetze lanetan ere lanean hasteko asmoa dute. Aurrerago eztabaidatu beharreko kontuen artean, Artikutzarako erabilera eta gestio plangintza baten idaztea egonen litzateke. Bi zinegotziek adierazi zutenez, Donostiako Udalak Artikutzan saneamendu lanak eginen ditu abudo.
Marcoteguik begi onez ikusi ditu Donostiako Udalaren proposamenak, baina garrantzia eman nahi dio Artikutza inguruko herriek ematen dioten erabilerari eta batez ere, Goizuetako Udalak gai honi buruz duen iritziari.