Lehendik hilzorian zegoen sokatira Euskal Herrian eta Japonen gertatutakoaren ondotik, oraindik okerrago dago

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 3a

Jexux ETXEZARRETA Aresoko entrenatzailea

Nere ustez, Sakana eta Abadiñoko sokatira taldeek ez zuten Japoneko kirol ez olinpikoen Jokuetara joan behar, okerra hara joatea izan zen. Aurretik bazekizkiten baldintzak: Espainiako ordezkari gisara joango ziren, bere bandera eta himnoarekin. Guk, baldintza horietan ez gara inoiz joan eta ez genukeen parte hartuko. Gero, Sakanako neskak irabazi eta Espainiako himnoa jotzen hasi zenean, podiumetik jaitsi ziren. Horrek hautsa asko harrotu du, baina dominak ere han utzi beharko lituzkete, Espainiaren izenean irabaziak baitziren. Jendeak uste du horrekin izugarrizko aurrerapena egin duela orain Euskal Herriak eta herri kirolak, baina hori ez da horrela. Ni Nuarberekin parte hartua naiz Europa eta Munduko txapelketetan, baita joku hauetan ere, duela lau urte Finlandian. Han, urrezko domina irabazi eta TWIFen bandera altxatu eta TWIFen himnoa entzun zen, eskuetan ikurriñak genituela. Hori guk lortutakoa izan zen, guk egindako eskakizunak ziren. Beste herrialdeetako jendeak onartua zuen hori, bazekien gu ez ginela espainiarrak sentitzen. Argi dago norberak bere nortasuna duela, baina jakin behar da noiz eta nola agertu nortasun hori. Dena den, orduan esan ziguten hurrengo jokuetan Euskal Herriko tiralariak Espainiako ordezkari gisara joan beharko genuela. Duela urte batzuk olinpikoa izan zen sokatira eta berriz ere hortan saiatzen ari direla iruditzen zait.  Sokatira hilzorian dagoen kirola da Euskal Herrian, atzetik ez baitago indarrik. Japonen gertatutakoaren ondotik, oraindik okerrago dago. TWIFek esan digunez, orain arte ez zegoen Espainiako Federazioa osatu nahiean omen dabiltza: Andaluzian, Asturiasen eta ba omen daude tiralari batzuk eta horiekin… Horrek heriotza ekarriko lioke Euskal Herriko sokatirari. TWIFek santzioa jarri die Euskal Herriko taldeei. Asteburu honetan, Suitzan jokatuko den Europako lur gaineko txapelketan parte hartzekoa zen Areso. Suitzako antolatzaileek borondate ona azaldu dute, baina azken finean TWIFen menpean daude eta honek nazioa Espainia dela dio. Joatekotan, Nazioarteko Federazioaren ikur eta himnoarekin joango ginen, inolaz ere Espainiako ordezkari gisara. Horregatik ez joatea erabaki dugu, nahiz eta klub bezala parte hartzeko aukera bagenuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun