9 urteotan gertutik segitu dut euskal herri kirolarien jarduna, batez ere, nafarrena. Badakit zenbat ahalegin eta saiakera egiten duten kirolariek beren maila hobetzeko, eta ahal bada txapelketak irabazteko. Halere, oso gutxik, lortzen dute sos batzuk irabaztea, erabat amateurra baita herri kirol mundua. Beharbada, sokatira izango da jarraitzaile gutxien duena Euskal Herrian; era berean, kirol bakarra da nazioarteko lehia ofiziala duena, eta mailarik gorenekoa gainera. Hemengo talde askok jasotzen du nazioarteko edozein lekutan lehian aritzeko gonbidapena. Hori guztia ongien dakiena TWIF (Nazioarteko Sokatira Federazioa) da, baina TWIFek, eta espreski Co Koren lehendakariak, badu agindu bat, zeinak dioen, Euskal Herriak ezin duela bere buruaren jabe izan, eta ondorioz, Espainiaren edo Frantziaren menpean egon behar duela. Badaki, ordea, euskal sokatira sendoa dela, eta bere baitan edukitzea komeni zaiola. Horrexegatik, bi jarrera agertzen ditu: Bata euskal tiralariei lehiatzen utzi beren hainbat ikur eta guzti, eta bestea, lotuta eduki ofizialki Espainia edo Frantzia dela jakinda. Azken urteotan egoera petraldu egin da, eta euskaldunen aurkako soka estutu egin du. Zein izan den estutze horren arrazoi? Litekeena da sokatira COIn ahalik eta azkarren sartu nahi izatea, eta ondorioz, Euskal Herria egotzi behar izatea. Baina hala balitz, zer gertatuko da Eskozia, Gales, Feroe Irlak, Jersey eta beste hainbat naziorekin? Japoniako Munduko Jokoetan gertaturikoa, noizbait gertatu behar zuen, lehendik ere makina bat antzeko liskar sortu baitzen. Aurten lehen aldiz espainiar izatea inposatu nahi izan digute, baina euskaldunok kirolari apartak izateaz gain, geure nortasuna tinkoa aldarrikatu nahi dugu eskubide osoarekin. Argi dago kirola ere tartean dela, edo pentsatu behar dugu Akitan izan diren tiralariak sentimendurik gabekoak direla; nik badakit hori ez dela horrela. Horregatik, ulergarri iruditzen zait emakumezkoen Sakanaren jarrera, eta nire aldetik babes osoa izanen du. Bestetik, badakit gogorra dela Selekzioari gertaturikoa, denok baitugu gustuko lehian aritzea aurrez lan luzea egin ondoren, urrezko domina eskuratzeko moduan egonda. Baina badakit haiek ere ez zutela onartuko podiuma igo eta espainiarrez janztea beren lorpen guztia.