Zortzi ola eta hiru meatze izan zituela uste du Jakes Casaubon-ek

ttipi-ttapa 2009ko ira. 3a, 10:34

Izurtarra bada ere sortzez, Jakes Casaubon Senperen luzaz egona da: lehenik oihan zaina, eta ondotik arrainetako nutribiologo gisa. Gure bazterrez eta gure Historioaz betidanik axolatu baita bere jakinmina urtez urte saiatu da betetzen, sekulan asetu gabe. Aldi huntan, Senpereko ola eta meatzez bere argitasunak galdegin dizkiogu. Gai honi buruz gehiago jakiteko, bere ustez «interesgarria litzateke, lehenik paper zaharrak ikertzea, eta gero, ibiltzea eskuin eta ezker, jakinez guti gora behera zer lekutan aurki ditezkeen meatzeak eta ola aztarnak». Berekin izandako elkarrizketaren laburpena duzue hau.

Senperen hainbat ola aurkitzea berezia denetz, ez daki Jakes Casaubon-ek: «hemengo olak burdin olak baitira, gehienetan meategietarik hurbil, burdin harria den tokitik hurbil daude. Ainhoan eta Ezpeletan ere ola ainitz bada zeren eta burdin harri ainitz baita. Senperen, bada burdin harria bainan ez du hurbiltzekorik ere Ainhoako meategien aberastasunera. Senperen, xiloka batzutan atxematen da burdin harria eta badira holako zilo haundiak ezker eta eskuin. Kasik segur naiz, zeren eta miaketak egin ditut, azaleko burdin harria zutela xekatzen toki horietan. Geroztik, zilo batzu tapatuak izan dira, bertze batzu urak hartuak. Bertze arrazoinetarik bat da: Senpere leku ordoki, ederra, zabala da. Beti errexago da leku ordoki batean zerbaiten muntatzea toki malkartsuan baino! Ur ainitz ere bada Senperen: Urdazuri, eta bertze erreka piskor frango badira. Gainera, olen kurri­arazteko egur edo ikatza asko behar zuten, eta Senpere oihantsua zen».

Senpereko olak banan bana
Xuaxtiko Ola: Ola etxearen peko­aldean, aintzira bada. D’Elbee jaunak horko presa antolarazi du. 1880 urtean bi langile baziren, Franche Comte aldetik etorriak. Burdin harria hortarat jinarazten zuten, tresnen egiteko. Zeharrola hunek, XVIII. mendetik XIX. mende bukaera arte iraun du.
Olhazabala edo Basarungo ola: Basarungo errekatik goiti joan eta, ain­tzira baten aztarnak atxematen dira. Ur peza bat bada ur hegian, pezoinez hetsia: Olhazabala du izena. Hori zen lehen lehen ola, Xuaxtikoa baino zaharragoa. XVI eta XVIII. mendeen artean iraun zuen zeharrolak.
Olhagaraia (?): Elbarrun auzoan, ez da frogarik, ez eta aztarnarik ere, baina izenak hori dio. Uretik urrun, haizeola zitekeen, XV-XVI.mendean.
Irioinetxeko ola (?): Ibarrunen, Iriointxenearen gaineko aldean, pezoinak kausitzen dira, behar bada duela 2000 urte ingurukoak. Pezoinez inguratua den sekulako lur peza hau, hetsia izana da. Zertarako? Pezoinen ezkinean, bada gaitzeko ziloa. Hor kokatzen zen, ola haundi bat. Urik ez delakoan, zeharrola zitekeen. Hor kausitzen dira, oraino, burdin erre eta zepa bakar batzu, hondarkinak.
Branddako ola: jauregi ondoan hiru labe ttiki aurkitu nituen, hiru haize ola, hertsiak, lehen modakoak. Lekuari Brandda ematen zioten izena.
Olhaso (?): Han ez dut deusik aurkitu, zilo haundi bat baizik ez.
Kontieneko Ola (?): Olha auzoko Kontienean zen zehar ola, etxea eraiki aintzin. Senpereko armarrietan, kobrezko bertzak edo panderuak agertzen dira. Aspaldidanik, errana da, Olha auzoko ola hartan, berzkinak edo panderu egileak bazirela... Han ote zuten panderu horiek egiten? XV.mendekotz, jadanik, ola hau hor zen.  
Arroztegi Zaharreko ola (?): Arrotegi zaharraren parean, baziren bi animaleko muino, belarrez estaliak. Egun batez, Arrotegi zaharreko nausiak muino horiek bota zituen. Hor ohartu ginen, burdin ondarkinak edo zepak zirela bi meta horietan. Ola hori ez zen batere ezagutua. Dantxarinean hiru ola badira, eta paperetan, laugarren bat aipu da: Arrugos izenekoa. Arrugos, Arrugoztegi, Arrotegi… elgarri hurbil dira! Nire ustez, hori da aurkitzen ez zuten ola hori. Arrugoztegi erraten ziotena XV. mendean.

Meatzeak ere baziren?
Casaubonek dioenez, meatzerik izan zen segurtamenik ez dago: «badire zilo batzu edo meategi aztarnak. Ibarrarteko azpian, ziloska bat bada. Han atxeman nuen burdin harria frango ona. Ez ninteke harrituko, hor balitz lurpeko meatze ttipi bat.Amotzen, Tontoloko errekatik goiti joan eta, kasko kaskoan kasik harpe zilo bat bada. Harpe hau naturala den ala ez, ez dautzut erraten ahal. Burdin harria atxeman dute, labeen hazteko.Hirugarrena, segurra da, eta egiazko meatzea da: Xerrendako gainean zen, paper zaharretan agertzen den bezela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun