Eskualdeko selekzioak brontzezko domina lortu du Kirol Jokoetan

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 2a

Urre eta zilarrezko launa domina eta brontzezko hiru ekarri dute

Baztan-Bidasoa-Leitzaldeko igeriketa selekzioak emaitza bikaina eskuratu zuen irailaren 1ean, Iruñeko Gelbentzu igerilekuetan egindako Nafarroako Kirol Jokoen finalean. Hamar eskualdeko ordezkariak izan ziren Iruñean eta eskualdeko igerilariek hirugarren postua erdietsi zuten, honenbertzez brontzezko domina golkoratuz. Leitzako Eunate Lopez, Elizondoko Xabi Ripa eta Berako Aritz Perez entrenatzaileen erranetara, hemezortzi igerilarik hartu zuten parte selekzioarekin: Berako Gurutze Andueza, Asier Andueza, Mikel Morcillo, Intz Iriarte eta Unai Rodriguez; Lesakako Leire Pastor, Isabel Etxebeste eta Aritz Telletxea; Leitzako Zuriñe Goikoetxea, Judith Saizar, Nahia Barriola, Joana Barriola, Alaitz Morato eta Julen Sagastibeltza eta Elizondoko Angela Nagore, Ines Laborra eta Alejandro Arrondo.

Hameka domina
Errelebo taldea mikel Morcillo, Unai Rodriguez, Isabel Etxebeste eta Gurutze Anduezak osatu zuten. Bi domia lortu zituzten: 4x50 crol eran urrea eta 4x50 estilo eran zilarra.
Bakarka ere domina parrasta ekarri zuten eskualdeko igerilariek. Aritz Telletxeak brontzea lortu zuen 25 metro tximeleta eran. Gurutze Anduezak bi domina lortu zituen, zilarrezkoa 50 metro tximeleta eran eta brontzezkoa 50 metro crol eran. Intz Iriartek ere bi domina eskuratu zituen, zilarrezkoak biak, 25 metro bizkarka eta 25 metro crol eran. Mikel Morcillok urrea erdietsi zuen 50 metro crol eran. Unai Rodriguezek ere sari nagusia lortu zuen 100 metro estiloetan. Isabel Etxebestek, azkenik, urrea lortu zuen 50 metro crol eran eta brontzea 50 metro braza eran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun