Urriaren 14an, igandearekin, euskal preso politikoen aldeko martxa eginen da Larrunerat. Abiatzeak Sara, Bera eta Azkaineko plazetatik finkatuak dira goizeko 9etan, eguerditan Larrun puntan izateko eta kaxkoan eginen den ekitaldian parte hartu ahal izateko.
Presoen gaiarekin segitzeko, buruilaren 20an Bixente Garzia libratu zuten baldintzapeko askatasuna onartu izan zaiolako. Etxeratu eta bi egunetara 150 presunek ongi etorria egin zioten. Aurreskua dantzatu ondotik, Manex Bergarak eskribatutako bertsoak aditu ziren. Hona hemen bere bertsuak:
ONGI ETORRI BIXENTE
Zoriontsua izan dadila, Saran egungo eguna
Hainitz jasanik gutaratu den, Bixente gure laguna
Argiratu den ezaguturik, denboraldi bat iluna
Bilkura hunek heda dezala, hemen dugun batasuna
deneri esker aurkitu dezan: Euskadik askatasuna.
Beso bihotzak zabal zabalik, gehien bat estu zintzurrak
Zaituzte hemen, anai arrebek, eskaintzen beren agurrak
Guziek berdin zaintzeko diren, gure sort lekuko lurrak
Zuzen bidean batera gaiten, bazter utzirik beldurrak
Euskal Herritik kanporatzeko, ditugun etsai maltzurrak.
Bururatzeko deneri hemen, bihotzetik esker mila
Etorri zaizten ospatu nahiz, gu denen lagun hurbila
Hitza zilarrezko den eta, urrezko denak ixila
Agur Bixente, Ongi Etorri, zu eta zure famila
Behin betikotz zorionezko, bakean bizi dadila.