Eraso faxista

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 2a

Dagoeneko pasa dira pare bat, hiru urte Malerrekako herrietako gazte talde baten ezinegonaren ondorioz Malerrekako Gazte Asanblada (MGA) sortu zela.    
Hasiera hasieratik MGA-ren helburua bertako jendeari eta gehien bat gazteei eskain­tza alternatibo bat plazaratzea izan da. Gaur egungo gizarte kapitalistak inposatzen duen gazte eredu sumiso eta indibidualistarekin hau­tsi eta gazte kritiko eta konprometituak sortzea
Ordutik hona, asko dira MGA-k bultzatutako ekimenak: gazte egunak, eskualdeko gazte topaketak, mendi ibilaldiak, hitzaldiak, tailerrak, bideo emanaldiak,...
Guztiok dakigun bezala, nahiz eta penagarria izan, gaur egun horrelako edozer gauza antolatzeko dirua beharrezkoa da. Arazo honi aurre egiteko inguruko herritako bestetan txozna bat jartzea izan da orain arte erabili dugun bitartekoa. Hala nola Iturenen, Elgorriagan eta Donamarian jarri izan da eta aurten lehen aldiz Legasan jartzea adostu genuen herriarekin.
Arazorik gabe burutu genituen baimen eskaera eta muntaketa lanak harik eta larunbat gauean norbait txoznaren barruan sartu eta kutsu faxistako margoketa batzuk egin arte. Margoketa hauek gorriz egindako, pare bat “diana” edo “gurutze” eta bi esaldi zekartzaten “Hemen ez, Alde hemendik, Puta semeak” eta “Juan debalde se murio”. Honetaz gain txoznan aurretik jarrita zeuden pegatina asko zirriborratu eta zakarrontziko zaborra sartu zuten barrura.
Malerrekako Gazte Asanbladatik ekintza hau irmotasunez  salatzen dugu eta margoketak burutu zituenari eta berdin pentsatzen dutenei helarazi nahi diegu ez gaituela horrelako ezerk geldituko. Bide onean goazela badakigu, herria gurekin dago eta honek edozein erasori aurre egiteko indarra ematen digu.
Gure aldetik, orain arte bezala, herri hauetan dinamika ezberdinak antolatzen jarraituko dugu, gure herrien alde elkarrekin lan egin eta eskubide urraketa guztiak borrokatzen, Malerreka eta Nafarroaren alde lan egiten, Euskal Herri berri baten bidean lan egiten.

 


Malerrekako Gazte Asanblada - MALERREKA

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun