Zortzi milako mendi bat igo zuten lehen nafarrak omendu ditu Errekak

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 2a

Gerardo Plaza lekaroztarra ere gogoratu zuten irailaren 28an

Erreka elkartearen 25. urteurreneko ospakizunen barnean, goi mailako hainbat kirol ekitaldi egin dira uda honetan: eskubaloi txapelketa (Caja Cantabriak irabazi zion finalean Portland San Antoniori), areto-futbol txapelketa (MRA-Xota garaile), txirrindularitza eta bertzelakoak izan dira. Mendi taldeak ere zerbait antolatu nahi zuen, Erreka elkartearen baitan hainbat ateraldi egiten baititu. Honela, joan den ortziralean, irailak 28, zortzi mila metroko mendi bat lehen aldiz igo zuten mendizale nafarrei omenaldia eskaini zioten. Tartean, Gerardo Plaza, Lekarozko mendizalea zenak ere jaso zuen Errekakoen omena. Lehen aldia zen 1979an Daulaghiri mendia egin zutenez geroztik lau mendizale nafarrak eta lau kataluniarrak berriz elkartzen zirela. Honela, Pitxi Egilor, Xabi Abrego, Gregorio Ariz, Iñaki Aldaia, Pili Garusa eta bertze mendizaleak izan ziren zineman egindako ekitaldian. Lehenik argazkiak ateri eta luntxa izan zuten. Ondoren, espedizioan egindako filmea ikusgai izan zen, zine formatoan. Ondotik etorri zen omenaldia: plater oroigarriak eta kamisetak eman zizkioten omenduei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun