Laura Bellosoren «Azken Ipuina»k irabazi du Bidasoako Filme Laburren Zinemaldia

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 2a

Urrezko Iratzea eta milioi bat pezeta eskuratu ditu Iruñeko zinemagileak

Bidasoako Filme Laburren IV. Zinemaldiko filmeak irailaren 10etik 21era Elizondo, Doneztebe, Bera eta Hendaian eskeini ondoren, irailaren 22an, Berako Kultur Etxean burutu zen sari banaketa.
Lehenengo saria, Urrezko Iratzea eta milioi bat pezeta (6.012,12 euro) Laura Bellosok zuzendutako «El último cuento-Azken ipuina» izeneko filmearentzak izan zen. Iruñeko José Mª Lara Produkzio etxeak ekoiztutako filme honetan Tomás, haur bakarti eta ameslariaren istorioa kontatzen da. Bere amak lan egiten duen gorputegiko hildakoen artean bizi da, amak eguneroko bizitza zikinetik babesteko asmatzen dizkion ametsetan gordea. Manuel, bere laguna, azken ipuineko heroia izanen da.
300.000 pezetako (1.803,04 euro) bigarren saria, berriz, Miguel Añon-ek zuzendutako «Otra historia diferente-bertze istorio ezberdin bat» filmearentzat izan zen. Zilarrezko Iratzea, beraz, Suitzako filme honentzat izan zen.
Bertzelako sari bereziak ere banatu ziren. Brontzeko Iratzea eta 250.000 pezeta (1.502,53 euro) jaso zuen Parisko Safy Nebbou-k zuzendutako «Bertzea filmeak», epaimahaiaren ustez gai naturalistikoak, ekologikoak, etnografikoak, ingurugirokoak edota paisajistikoak hobekien jorratzen zituena zelakoz.
Bertze horrenbertzeko saria jaso zuen Donostiako Maria Zamakolak zuzendutako «Usoa» filmeak, kasu honetan bake eta giza baloreak modurik hoberenean lantzen zituen laburmetraia izateagatik.  
Sari nagusia bezalaxe, Akitania, Euskal Herria, Nafarroa edo bertako egile batek eginiko filme onenari emandako bertze brontzeko iratzea eta 250.000 pezeta Laura Bellosoren «Azken ipuina»k jaso zuen.
Aktore onenak ere Brontzezko Iratzea eta 250.000 pezetako saria jaso zuen. Sari hau marta Belaustegirentzat izan zen, Sergio G. Sanchezek zuzendutako «7337» filmean egindako lanarengatik.
Ikusleen artean emandako puntuazioaren arabera, puntu gehien jaso dituen filmeak ere Brontzezko Iratzea jaso zuen, nahiz dirurik ez hartu. Ikusleen ustez Parisko Safy Nabbouk zuzendutako «Bertzea» filmea izan zen onena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun