Zergatik dugun bihotzean egarria

Amaia eta Ainhoa 2009ko irailaren 2a

Paxkual ETXEBERRIA (Senideak)

Euskal Herrian berrogei urteko ekaitza atertu eta gero gure errekak eta iturriak garbitzen, argitzen eta frexkatzen ari zirela zirudien. Halaber euren lekuetatik lasai zihoaztela Kantaurriko itsas zabalera, bertan, elkartuta, mugarik gabeko putzu handi paketsu zoragarri bat egiteko. Baina…
1978. urtean zeru urdina ikusi izan bagenuen ere, «aro» oker berri bat hastera zihoala konturatu ginen eta tamalez haren ondorioak gogorrak, saminak eta tristeak izan dira. Ilbeltzaren 27an, Euskal Herriko gartzeletan zeuden 97 preso «Soriako» gartzelara eraman zituzten. Garai haietan Madrilen zegoen Gobernuak eta bere politika onartu zuten haiek giza eskubideak urratu zituzten, eta hartu zuten bide okerra zuzentzeko oraindik ez dute deus egin.
Giza eskubideak urratzeak eta ez konpontzeak ondorio hauek ekarri ditu:
• Bizitzeko eskubidea zuten pertsona anitz hilda daudela.
• Euskal Herriko gartzeletan egoteko eskubidea duten preso guztiak Espainiako gartzel guztietan sakabanatuta daude.
• Presoak, nahiz eta elkarrekin egoteko eskubidea duten, gartzela bakoitzean sakabanatuta daude, modulo ezberdinetan, ziega ezberdinetan.
• Gartzelan dituzten eskubideak edukitzeko gose grebak, txapeoak, planteak, etabar… edonoiz egin behar dituzte.
23 urte pasatu dira Euskal Herriko gartzeletan egoteko eskubidea kendu zietenetik. Senideak, gure eskubideak errespetatuak izan daitezen Bortzirietan hamaika urte oihukatzen daramagu, Nafarroako Gobernuari, Nafarroako Elizzari, presoak dauden gartzeleko zuzendariari, probintzia bakoitzeko auzitegiei erran diegu, baina ez digute kasurik ere egin, beste motako ate guztietan deitu dugu. Arrazoia duzue erran digute, baina zigortuta segitzen dugu.
Euskal Herriko gertaera gogorrak, saminak eta tristeak, gerta ez daitezen nahi badugu, denok elkar errespetatzen hasi gaitezen. Ez dugu erratten toleranteak izan gaitezen, elkar errespeta dezagun baizik. Herritar guztiok gure iturri eta errekak garbi edukitzen saiatuko bagina, gure bihotzeko egarria ere kenduko genuke eta kanpotik datozenek, gugandik zer ikasirik izanen lukete ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun