Egiazko profesional bat bezala bizitu da, behar den bezala, baina gaur egungo gazteei juerga egitea gehiago gustatzen zaie

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 2a

Julian Retegi maisua izan da pilotaren munduan, denek erraten duten bezala eta arrazoi guziarekin. Zaila da historiako pilotaririk onena izan den edo ez erratea, hori nik ez dut nik erraten ahal, baina bai gure garaian ezagutu dugun onena izan dela, hori dudarik gabe. Aitzinetik izan direnak ez ditugu ezagutu, lehenago ere pilotari aski onak bazirela erraten dute, baina ez dut uste Julianek izan duen prestakuntza izanen zutenik. Etorkizunera begira ere ez da errexa izanen horrelako pilotaririk izatea, horrelako bat arras noizbehinka sortzen baita. Orain horrelako bat ateratzea arras zaila da, gerta daiteke, baina ez da errex izanen. Gaur egun ere badira pilotari gazte batzuk, arras politak heldu direnak, baina badakizu, arrazoi batengatik edo bertzearengatik makurtu egiten dira. Hori denborak erranen du eta bakoitza bere lekuan utziko du. Julianek izugarrizko prestakuntza egin du eta bizitu da behar den bezala, egiazko profesional bat bezala, bere profesionaltasuna erakutsi du behin eta berriz. Gaur egungo gazteei badirudi juerga egitea gehiago gustatzen zaiela guri baino eta hor izaten ahal da bi belaunaldien arteko alderik handiena. Nahiz eta pilotan aritzeko ezaugarri eta baliabide hobeak izan, errexago uzten dute. Eskolan ditugun pilotari gaztetxoek, dena den, ez dute Retegi eredu bezala ikusi. Akaso azken lau urteotan ez du aunitz jokatu eta, badakizu, telebistan agertzen ez bazara, zaila da gaztetxoek idolotzat hartzea. Batzuentzako, aditu dutenarengatik edo zaharxeagoak direlakoz, Retegi izanen da idoloa, baina bertze batzuentzat Titin, Goñi, edo bertze norbait… ez dut uste Julian erreferentziatzat dutenik. Retegi XX. mendeko azken bi hamarkadetako erreferentzia izan da pilotan. Dena den, nire iritziz, pilota lehenxeago utzi behar zuen, 1997an Titineri 22 eta 21 irabazi zionean lau terdiko txapelketa, orduan zen egokiena uzteko. Gainera, eskuz binakakoa ere irabazia zuen Lasarekin eta hori izugarria da: 42 urterekin eta bi txapel jantzita uztea pilota. Baina, noski, omenaldiak nahi izanen zituen eta kantxan agurtu ditu pilotazaleak. Hori ere errespetagarria da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun