Lehengo pilotarekin hautsi du Retegiren belaunaldiak, prestakuntza fisikoan bidea ireki zigun gaur egungo pilotariei

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 2a

Ni estelarrak jokatzen hasi nintzenerako Julian figura handi bat zen, mito bat bihurtzen hasia zen. Ilusio izugarria egiten zuen berekin jokatzea, ordurako txapel pila bat zituen. Gero, elkarrekin hiru txapel lortu genituen eta horregatik oroitzapen hagitz ona dut. Maila handiko txapelduna izan da. Banaka gehiago destakatu du eta berak ere onartu du gehiago gustatzen zaiola. Berak mano-manorako prestatzen zuen urte osoa eta izugarrizko kalidadea zuen. Lau terdian ere azkeneko txapela 42 urterekin irabazi du. Historiako pilotaririk onena izan den edo ez? Hori erantzutea zaila da. Auniztan, lehengo zaharrek erraten dute ez dakit nor izan zela hagitz ona. Konparazioak egitea zaila da. Azken boladan Retegi onena izan dela uste dut, tituluak zerbaitegatik lortzen dira. Retegiren belaunaldia izan da lehengo pilotarekin hautsi duen belaunaldia, prestakuntzan eta bidea ireki zigun gaur egungo pilotariei. Orduan, zaila da Atanorekin konparatzea. Pentsatzen dut Atanok mendian barna pasio batzuk eginen zituela, baina ez zela aunitz gehiago prestatuko. Kalidade haundiko pilotaria omen zen, baina Retegi urte auniztan prestatu da eta oraindik 47 urterekin nola dagoen ikusi egin behar da. Lesioengatik puskatu egin delakoz, bertzenaz, nerbioa eta hagitz ongi mantendu duela uste dut. Azken urteetan batez ere binaka jautsi da, nahiz eta azkeneko bi partidutan maila polita erakutsi. Eta ez dut konprenitzen zergatik, banaka aritzea hagitzez zailagoa baita. Joan den urtean lau terdiko finalean sartzeko punttuan izan zen. Bere markak haustea zaila da, ez bakarrik gisako pilotaririk ateratzea zaila delakoz. Gaur egun txapelketak bertze modu batera antolatzen dira eta txapeldunak final laurdenetan hasi behar du eta errexa da partidu batean huts egitea, egun txar batengatik. Bera auniztan finalean sartzen zen zuzenean, beretzat aproposa zen, dena ematen zuen eta eskuak batere kastigatu gabe lortzen zuen. Beraz, zaila da bere markak haustea. Baina ikusmina sortzen duen pilotaria badugu hemen bertan, Mikel Goñi. Hasi berria da, baina orain arte bezala segitzen badu bere mailara ailegatzen ahal da. Baina hori hemendik hamar bat urtera erran beharko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun