Irailaren 20an jokatu zuen Logroñoko Adarraga pilota plazan azken partidua profesionaletan Julian Retegi «Retegi II» pilotari eratsundarrak. Abel Barriola leitzarra lagun zuela, 18-22 galdu zuen Aimar Olaizola goizuetarra eta Armendarizen kontra. Baina emaitza zen gutxienekoa. Errioxako partida horrekin adio erran zitzaion XX. mendeko pilotaririk handienari, kirol honek eman duen izarrik diztiratsuenari.
Retegi II pilotarendako zer izan den ikusteko, profesionaletan egin dituen 27 urtetan buru gainean jantzi dituen txapel ofizialen kopurua zenbatzea aski da. 22 txapel ditu, erdiak lehen mailako eskuz banakakoan lortutakoak (Azkaratek eta bere osaba Juan Ignaciok sei dituzte, Belokik lau); bortz eskuz binaka (Antton Maiz aranztarraren marka berdindu zuen 1997an) eta lau lau terdian (azkena 1997an, Titin III.ari, gazteenek ere gogoratuko duten final zoragarrian). Bigarren mailako buruz burukoa ere irabazi zuen 1975ean, debutatu eta urtebetera. 1980an hasi eta 1993a bitartean, buruz buruko txapelketaren final guzietan izan zen. Denen artean 1984ko finala gogoratzen du bereziki Julian Retegik, Galarza III.ari 22-21 irabazi ziona: «urte osoan jokatu gabe egon nintzen, otsailean oraindik ez nintzen prestatzen hasi, atxikia kendu berria zuten eta hirugarren tanturako eskua xehatua nuen. Baina orduan, nere harrotasuna eta buru-estimua atera nituen. Argi nuen Galarzak ez zidala partidua irabaziko, bertan hil behar banuen ere». Dena den, gozotik ez ezik gazitik ere eman dio pilotak: hiruna operazio izan ditu belaun bakoitzean eta tarteka finalen bat ere galdu du. Halere, momenturik txarrenak azken urteak direla uste du: «Egia da belaunetik sei aldiz operatu nautela, baina 27 urtetan hori ez da sobera, eta gainera, errekuperatzeko modukoak ziren lesio guziak. Besoak lan gehiago eman dizkit azken aldian. Momenturik txarrena despedidaren ordua izan dela iruditzen zait, azken urteak. 1997an binaka eta lau terdian irabazi nuenetik honara bidea ez da batere xamurra izan».
Aizkora utzi eta pilota hartu
Gaztetan, inork guttik pentsatzen ahal zuen Eratsungo Martineako mutil kozkor hura pilotari profesionala izan zitekeenik. Bederatzi seme-alaben artean laugarrena da, eta lehendabiziko mutikoa. Ikasle txarra izan zen eta 14 urtetarako harrobian hasi zen lanean aitarekin urtebetez, gero Leitzako Papeleran aritu zen urte terdiz eta handik Alpeetara jo zuen, basoan lan egitera. Partidu batzuk jokatuak zituen afizionatuetan, baina ez zirudien hortik bizia aterako zuenik. Eguberriak Eratsunen pasatzeko intentzioz itzuli zen Julian eta orduan, bere osaba Juan Ignaciok eta Martin Ezkurrak –beti botillero izan duena– pilotan proba egiteko eskatu zioten. Juliani deus erran gabe Nafarroako gazte mailako txapelketan izena eman zuten. Martirikorenarekin bikote eginez txapeldun gelditu zen. Profesionaletara salto egiteko aukera aztertu zuen eta Javier Elizalde «Garbitoki» doneztebarrarekin prestatzen hasi zen.
Profesionaletako debuta 1974ko uztailaren 11n egin zuen Zarauzko Zinema pilotalekuan. Hurrengo urtean bigarren mailako buruz buruko txapeldun suertatu zen, Garcia Ariñoren kontra.1978an osabaren kontra jokatu zuen Empresas Unidasek antolatutako txapelketan. 22 eta 1 irabazi zion buruz buruko sei txapelen jabe zen Retegi I.ari. Osaba-iloben arteko erreleboa ailegatua zen.
1979an aritu zen estreineko aldiz lehen mailako eskuz banakako txapelketan. 16-22 galdu zuen Bengoetxearen kontra. Hurrengo urtean bortz tantutan utzi zuen Bengoetxea bera eta lehendabiziko finalean Antton Maiz aranztarra menderatu zuen. Hor hasi zen Retegi II.aren nagusitasuna.
«Lan egitea alferrik da,
berezkoa ez baduzu»
Hogeita zazpi urte egin ditu Julian Retegik pilota profesionalean, beti ere onenen artean. Hor irauteko sekretua berezkoa izatea dela uste du eratsundarrak. «Berezkoa izan behar duzu pilotan punta-puntan aritzeko. Batek nahi duen lan guzia eginda ere, naturak ezaugarri batzuk eman behar dizkizu, bestela alferrik zabiltza. Nik, zorionez, bi gauzak izan ditut: ezaugarri jakin batzuk eta, lan handia eginez, kantxa gainean erakusteko aukera. Jendeak uste du izugarri zaindu naizela, baina hori ez da horrela. Horrela egin izan banu, 30 urtetarako pilotaz nazkatua egonen nintzen. Gustokoa dudan ofizioan pixkanaka zahartzen jakin izan dut». Atxikia kendu, pilotak bizitu edo publizidadea eta telebistak sartu badira ere, tarte horretan ez du aldaketa handirik somatu pilotan: «Pilota, frontisa, ezker pareta eta errebotea, hori ez da aldatzen. Ingurua gehiago aldatu da, baina gehienetan onerako».
Agurraren ordua
Lehendik ere adio errateko asmotan ibilia da Retegi II. 1987ko eskuz banakako finala jokatu aitzin, pilotan urte pare bat gelditzen zitzaizkiola adierazi zion Argia astekariari. 1997an, binaka eta lau terdian irabazi ondotik lesionatu zenean ere pilota uzteko tentazioa izan zuen, baina kantxa gainean utzi nahi izan du. Ordua ailegatu denean, ordea, penaz utzi du: «Belaunengatik eta, batez ere, eskuin besoarengatik ez balitz 60 urteak arte arituko nintzen».
Hegoaldeko lau herrialdeetako frontoi banan eta Logroñoko Adarragan jokatuz agurtu da. Retegi ez da omenaldien zale eta horregatik berak eskaini nahi izan die omenaldia pilotazaleei. «Merezi zuten. Nik zale asko izan ditut, baina baita kontrarioak ere, eta polita da denak elkarrekin frontoian ikustea». Hemendik aitzinera, erakustaldiren batean ere jokatzeko intentzioa erakutsi du. Iparraldean adiorik erran ez duenez, «partidaren bat jokatzea gustatuko litzaidake, Seaska elkarteari laguntzeko, adibidez».
Txapel eta sari aunitz eman dizkio pilotak, baita ospe handia ere. Baina Julianek berak ere gauza ugari eman dizkio pilotari: «Pilota eta biok bakean gaude» dio Eratsungo maisuak. Berak kontrakoa uste badu ere, pilotazaleen gogoan gelditu da betirako Julian Retegi, Retegi II.