Beteranoak nagusi Ramon Latasaren omenez egin den VIII. sariketan

TTIPI TTAPA 2009ko irailaren 2a

Beteranoak nagusi Ramon Latasaren omenez egin den VIII. sariketan TTIPI TTAPA

Larretxeak eta Mindegiak ia bi minutuko aldea atera diete bigarren sailkatuei

Sasoiak ez du adinik, ez behintzat Mikel Mindegia eta Donato Larretxea aizkolarientzat. 60 eta 50 urterekin, Mindegiak eta Larretxeak jaun eta jabe direla erakutsi zuten abuztuaren 9an Sunbillan jokatu zen Ramon Latasa Sariketan. Jende andana erakarri zuen aizkora saioak eta jubenilen eta maila nagusiko bi lehiek gogotsu jarraitu zituzten bildutakoek.
Ezkurrako eta Arantzako semeek 34 minutu eta 33 segundo behar izan zituzten lanak akitzeko, nahikoa Nazabal-Etxeberria eta Arrospide-Arria V.a bikoteak gainditzeko. Bigarren bikoteak 36:10­eko lana egin zuen eta hirugarrenak, berriz, 37:18koa.
Lehenbiziko proban 54 oinbiko enborra ebaki behar izan zuten aizkolariek eta 2:07ko denbora egin ondotik, Mindegiak eta Larretxeak irabazi zuten. Bigarren proban, kanaerdikoa zutik eta 45 oinbiko bi enbor etzanda ebaki zituzten eta honetan Nazabal eta Etxeberria gailendu ziren (04:07). Hirugarren saioan, banakako lanean, 54ko lau enbor ebaki behar izan zituzten eta Larretxeak irabazi zuen (05:46). Azkeneko saioan, berriz, lau kanaerdiko eta 45eko lau enbor ebakitzerakoan, Mindegia-Larretxea bikoteak irabazi zuen.
Jubeniletan
Gaztetxoak ere aritu ziren aizkoran eta hauetan, 23:51eko denbora egin zuten Saralegi eta Atutxa izan ziren txapeldun.  Bigarren bikote sailkatua Mugertza eta Erasun izan zen (26:54) eta hirugarrena Rekondo eta Larretxea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun