Txapelketaren 30. edizioan bere hirugarren txapela jantzi du Arraiozek

TTIPI TTAPA 2009ko irailaren 5a

Txapelketaren 30. edizioan bere hirugarren txapela jantzi du Arraiozek TTIPI TTAPA

Abuztuaren 2ko finalean, 9-2 irabazi zion Oitz A taldeari

Bertze bi garaipenak 1999an eta 2001ean eskuratu zituen

Baztan-Errekako Laxoa Txapelketaren 30 urteko historian, hiru aldiz eskuratu du Arraiozek txapela, eta azkena, abuztuaren 2an jantzi zuen herrian. Arraioz A taldeak aisa irabazi zuen laxoa txapelketako finala, 9-2 irabazi baitzion Oitz A taldeari. Malerrekakoek lehendabiziko jokoa egin bazuten ere, hurrengo zortziak segidan egin zituzten baztandarrek, eta uste baino lehen erabakia utzi zuten txapela. Oizkoek bigarren jokoa ere egin zuten, baina baztandarren bederatzigarrenarekin, etxekoek hirugarrenez jantzi zuten txapela.

Finaleko jokalari onenaren saria Miurarentzat
Oizko taldeak ez zuen bere egunik onena izan eta, Arraioz, ordea, ederki aritu zen. Jokalarien artean, Iñaki Miura sakatzailearen lana nabarmentzekoa izan zen eta beretzat izan zen Mikel Eizagirre pilotazale donostiarrak ematen duen finaleko jokalari onenaren saria. Berarekin batera, Jon Gamio numeroa eta Jesus Mari Laurnagarai eta Asier Zubigarai laurdenak aritu ziren Arraiozko taldean. Oitzeko taldean, berriz, Sergio Fagoaga, Lander Mendiola, Iñaki Mendiola eta Juan Mari Mindegiak jokatu zuten.
Epaile lanetan, Oizko Joaquin Illarregi, Iruritako Txuma Prim eta Miguel Bidegain, Arraiozko Sotero Etxandi eta Doneztebeko Juan Mari Artazkoz aritu ziren eta Arraiozko Mariano Maritorena izan zen marrazaina.

Sari banaketa

Baztango kirol koor­dinatzailea den Elixabet Santestebanek eman zizkien sariak txapeldunei eta Sotero Etxandi Arraiozko alkateak txapelak jantzi zizkien.
Urtero bezala, pilota munduko agintari aunitz bildu zituen Baztan Bidasoako Laxoa Txapelketaren finalak. Arraiozen izan ziren Nafarroako eta Kataluniako federazioetako presidenteak, Miguel Pozueta eta Agustin Brugues, hurrenez hurren; baita Pilotarien Batzarreko Juanjo Oronoz eta Josean Arroyo ere, bertzeak bertze.

Hirugarren eta laugarren postuak
Hirugarren eta laugarren posturako lehia finalaren bezperan jokatu zen, abuztuaren 1ean. Irurita A eta Arraioz B taldeak aritu ziren aurrez-aurre eta 9-7ko markagailuarekin Iruritako taldea gailendu zen.

TXAPELDUNAK

1980
1981
1982
1983
1984
1985
1986
1987
1988
1989
1990
1991
1992
1993
1994
1995
1996
1997
1998
1999
2000
2001
2002
2003
2004
2005
2006
2007
2008
2009
IRURITA
DONEZTEBE
DONEZTEBE
OITZ
OITZ
DONEZTEBE
DONEZTEBE
DONEZTEBE
OITZ
DONEZTEBE
OITZ
IRURITA
DONEZTEBE
IRURITA
DONEZTEBE
DONEZTEBE
DONEZTEBE
DONEZTEBE
DONEZTEBE
ARRAIOZ
DONEZTEBE
ARRAIOZ
IRURITA
DONEZTEBE
IRURITA
DONEZTEBE
DONEZTEBE
IRURITA
DONEZTEBE
ARRAIOZ

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun