Irailaren 12an, larunbata, Euskal Herrialdeetako Herri Kirol Txapelketa jokatuko da. Aurtengoa XXI. edizioa izanen da eta antolatzaileek Doneztebe aukeratu dute lehiarako. 17:00etan hasiko da eta eguraldi ona egiten badu Bearzana pilotaleku irekian eginen da, eta txarra eginez gero, frontoi estalian.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea eta Zuberoako taldeak lehiatuko dira, guztira hamar probetan.
Kirolariak sokatiran 640 kiloko kategorian ariko dira, koxkor biltzerakoan 1,25 metrotara paratuak dauden 50 ale bildu beharko dituzte,18 kiloko ingudea ahalik eta gehien jaso beharko dute minutu eta erdiko denboran, 25 kiloko lastoa ahalik eta gehien jaso beharko dute bi minutuko tartean, 100 kiloko harriari ahalik eta jasoaldi gehien egin beharko dizkioten bi minutuz, 50 kiloko txingekin ahalik eta plaza gehien egin beharko dituzte, orgarekin plazari ahalik eta itzuli gehien eman beharko dizkiote, 80 kiloko zakuarekin 360 metro egin beharko dituzte, arpanarekin 45 ontzako enborrari hamar ebakialdi egin beharko dizkiote eta azkenik, aizkoran, 45 ontzako lau enbor ebaki beharko dituzte.
Nafarroako taldean parte hartuko duten kirolari gehienak eskualdekoak izanen dira: sokatiran Amaiurko taldea, koxkor biltzen Fernando Etxegarai (Bera), ingude altxatzen Jokin Aioroa (Ituren), lasto altxatzen Karlos Sein (Igantzi), harri-jasotzen Unai Bertiz (Sunbilla), txingekin Miel Angel Sukuntza (Leitza), orga jokoan Joseba Petrirena (Bera), zaku lasterketan Jose Luis Cano, Carlos Santamaria eta Oier Aizkorbe (Berriozar), arpanarekin Josetxo eta Iñaki Barberena (Iraizotz) eta aizkoran Floren Nazabal (Etxarri-Aranatz).
Aipatu, azken bortz urteotan Nafarroak irabazi duela txapelketa.