Baztan-Bidasoako txokoak, ohiturak eta ezaugarri bereziak ezagutarazteko helburuarekin, antzara jokuan oinarritutako Sorginen Jokoa kalean da. Kasu honetan, ordea, antzarak mugitu beharrean, hainbat koloretako sorginak mugitu behar dira. Jokuaren taulan Donamariako Jauregia, Sunbillako zubia, San Juan Xarreko iturriak, Urdazubiko monastegiko klaustroa eta Amaiurko gaztelua ageri dira, bertzeak bertze. Ezagutzen ez duenarentzat, jokoarekin batera laukitxo bakoitzaren azalpenarekin liburuxka bat dator. Kaxa barreneko liburuxka euskaraz dago, baina salmenta puntuetan aparteko kosturik gabe gaztelaniaz eta frantsesezko bertsioak ere eska daitezke. Bertizko Turismo Partzuergoak egin duen mahai-jokoa uztailaren 29an aurkeztu zuten Sorginen Museoan. Diseinua Begoña Durruty margolariarena da eta aurkezpen egunean, berarekin batera, Izaskun Goñi Partzuergoko kudeatzaileak eta Lazaro Dainziart zinegotziak parte hartu zuten. Ideia Partzuergoaren barnean proposatu zen, Hiruak Bat landa-etxe elkartetik, eta Partzuergoko teknikariek egin dute. Jokoa Bertizko Turismo Partzuergoaren bulegoan edo artisau erakusketa-dendan eskura daiteke. Informazio gehiagorako, deitu 948 592323 telefonora.