Eguraldiak astebete gibeleratu baldin bazuen ere arrakasta polita izan zuen Aizkolegi taldeak antolatutako Bidasoa Errekaren Egunak. Guzira 195 lagun aritu ziren eskualde osoan erreketatik –ez baitzen Bidasoan bakarrik bildu, baita Berako Zia, Lesakako Onin edo Biurrana eta Donezteben Ezkurra eta Ezpelura errekak elkartzen direnetik Intzakardiko presara– zaborra ateratzen eta guzira 210 zabor poltsa eta Dunper traktore bat bete zuten.
Eskualdeka, Bortzirietan Beran eta Lesakan bakarrik bildu ziren taldeak. Berako 27 lagunek 20 zabor poltsa bete zituzten eta Lesakako 10 lagunek 15 zabor poltsa. Donezteben ere 10 lagun bildu ziren eta Dunper traktorea bete zuten zaborrarekin. Bertizaranan, Narbarten 8 lagun bildu ziren. Baztanen izan zuen arrakastarik handiena Aizkolegi taldearen deialdiak. Guzira 95 lagun bildu ziren Elizondo, Arraioz, Oronoz eta Amaiurren eta 175 zabor poltsa bete zituzten.
Beraz, orokorrean egun arrakastatsua izan zela erraten ahal da. Dena den, datozen urtetarako zenbait aldaketa proposatuko dituzte Aizkolegikoek. Honela, eguna iraila aldera aitzintzea pentsatzen dute, eguraldi hobea izateaz gain, erreka ur guttiagorekin heldu baita.